Harrapaketa berri bat izan da Arrasaten. Gaur eguerdian gertatu da. 13 eta 14 urteko bi gazte harrapatu ditu ibilgailu batek Kabia aurreko zebrabidean.
Arrasate Udalak oharra bidali du. Beste behin, arretaz gidatzeko eta seinaleztapenak zein abiadura mugak errespetatzeko eskaera egin du eta uneoro oinezkoen lehentasuna bermatzeko. "Onartu berri den Mugikortasun Jasangarrirako Planaren diagnosiak jasotzen du herrian zehar mugikortasuna baketzeko beharra". Horretarako hainbat neurri aurreikusten dira: abiadurak gutxitzea, herri barruan egiten diren desplazamenduak bitarteko seguruagoetara eta jasangarriagoetara aldatzea, eta pertsonak erdigunean jartzea. "Udala dagoeneko lanean ari da neurri horiek martxan jartzeko", esan dute.
Udalak aurreikusten du neurri horien ondorengo lehen emaitzak uda ostean ikustea.