Aurten ere udaberrira eta udara begirako jostailuen trukea egiteko azoka egingo dute Monterron parkean. "Garai hauetan ere, jolasteko, gozatzeko eta lagunekin ondo pasatzeko baliabide apartak baitira", azaldu dute Txatxilipurdi elkarteko kideek.
Modu horretan, herritarrei dei egin diete etxean dituzten jostailuei begirada bat eman eta erabiltzen ez dituztenak beste batzuengatik trukatzeko. "Edonolako jostailuak trukatu ahalko dira, baina uda gerturatzen ari denez, hondartzan edo igerilekuetan erabili ohi ditugun jostailu horiek trukatzea aukera polita izan daiteke: kuboak, palak, eskuare, kometak, urpean jolasteko jostailuak, ureztontziak , hondarretan jolasteko jostailuak, disko hegalariak...", azaldu dute.
Trukatu ahal izateko, lehenik, jaso egingo dituzte eta hiru egun jarri dituzte horretarako. Hala, maiatzaren 27an, Santa Marinako ludoteka aurrean egongo dira, 18:00etatik 18:45era; maiatzaren 28an, Biteri plazan jasoko dituzte jostailuak, 18:00etatik 18:45era; eta maiatzaren 29an, Arimazubi plazan, 18:00etatik 18:45era. Era berean, hiru egun horietan, Txatxilipurdiko bulegoan ere jasoko dituzte jostailuak 09:30etik 13:30era. "Jostailuen truke, txartelak banatuko ditugu, zenbat jostailu hainbeste txartel", diote antolatzaileek.
Jostailuek hainbat baldintza
Hainbat baldintza bete beharko dituzte jostailuek. "Jostailuak egoera onean eta osorik egon beharko dira; indarkeria sustatzen dituzten jostailuak ez dira onartuko, ez eta irudi sinbolikoa dutenak ere, tartean pistolak, izan uretakoak edo ez; eta sexu bereizketa egiten duten jostailuak ere ez dira onartuko", azpimarratu dute.
Ekainaren 5ean, Monterron parkean
Ekainaren 5ean, aurrez aipatu bezala, jasotako jostailuak ikusgai jarriko dituzte Monterron parkean, trukea egiteko. "Jokoak azaltzeko eta elkarrekin jolasteko tartea ere hartuko dugu, 18:00etatik 20:00etara. Jolas erraldoi batzuk ere eramango ditugu elkarrekin jolasteko eta arratsalde bikaina pasatzeko", diote.
Euria eginez gero, Biteri plazan egingo dute azoka.