V. Aixita Sariaren bertso saioa larunbat honetan eskaini zen Irurtzungo kultur etxean, 17:30ean hasita. Saio bakarreko formatuan antolatutako sariketan sei bertsolari aritu ziren kantuan –Ane Zuazubiskar, Aroa Arrizubieta, Endika Legarra, Aitor Servier, Josune Aramendi eta Iosu Sanjurjo–.
Gai-jartzaile lanetan Zigor Garzia "Zian" aritu zen, eta saioan zehar bertsolariek hainbat ariketa eta gai landu zituzten, publikoaren arreta eta txaloak tarteka jasoz.
Ane Zuazubiskarrek eskuratu zuen sari nagusia, epaimahaiaren eta publikoaren onespenarekin. Bertsolari arrasatearrak adierazi duenez, "sariketa exijentea da Aixita, ia hiru orduz aritu ginen kantuan, eta momentu batzuetan nekea nabaritu arren, gustura aritu nintzen”. Bere esanetan, egun ona izan zuen: "Egun ona nuela sumatu nuen hasieran, eta saiatu nintzen horri eusten bukaeraraino".
Gainontzeko bertsolarien inguruan ere hausnartu du Zuazubiskarrek: "Bertsokide gehienekin aurretik tokatu zait kantatzea, baina behin gazte-sariketen zikloa amaituta, gutxitan tokatzen zaigu adin-bueltako bertsokideak izatea oholtzako denak".
Azken aldian sariketetan lehiatu gabe egon arren, pozik hartu du berriz plazara itzultzea: "Gipuzkoako Txapelketatik lehiatu gabe nengoen, eta aitzakia polita izan da bertso-eskolan batu eta horri begira jartzea". Gainera, antolakuntzaren lana nabarmendu nahi izan du: "Antolatzaileek mimo bereziarekin antolatzen dute sariketa, eta bosgarrenera iritsita, igartzen da hori".
Hemen ikusgai Zuazubiskarren agurra: