Zaintza Eskola abiatu du Ospitalarioak Aita Mennik, Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatutako Ekinsare gizarte-berrikuntzako proiektuari esker, zaintzaileei laguntzeko asmoz, eta hiru bloketan banatuta dagoela azaldu dute: "Batetik, fisikoa dago, benetako gimnasio birtual bat, fisioterapeutek diseinatutako ariketa errazak eta mobilizazio-teknikak dituena; bestetik, somatikoa dago, eguneroko elikadura, higienea eta ustekabeko egoerak kudeatzeko aholku argiak ematekoa; eta, azkenik, kognitiboa dago, 1.500 jarduera interaktibo baino gehiagorekin, memoria, arreta eta beste gaitasun kognitibo batzuk suspertzeko pentsatuak".
Sor daitezkeen zalantzak argitzeko eta kontsultak egiteko aukera ere badago, sustatzaileek adierazi baitute plataformatik zuzenean jar daitekeela harremanetan Aita Menni ospitaleko talde profesionalekin.
Urtebetean erabilia
Debagoieneko herri batzuetako berrehun senide eta zaintzailek erabili dute plataforma urtebeteko epean, sustatzaileen hitzetan, Arrasateko Aita Menni ospitaleak diseinatu eta garatutako prestakuntza programa baten esparruan. Arrasateko, Bergarako, Oñatiko eta Eskoriatzako adinekoen eguneko zentroetako familientzako eta erabiltzaileentzako ere aurrez aurreko saioak egin dituzte, eta, orain, plataforma nahieran erabiltzeko aukera jarri dute nahi duenaren eskura.