Radarren esleipen berrirako pleguak, onartuta, "azken urteetako arazoak konpontzeko"

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko mai. 13a, 11:57

Radar kabina bat, Nafarroa etorbidean.

Udal titulartasuneko bideetan ibilgailu motordunen abiadura neurtzeko zinemometro homologatu bat aldi baterako instalatzeko pleguak onartu ditu gaur Udaleko Hirigintza Batzordeak. Hala, epe laburrean berriz martxan jarriko dituzte.

Azken urteetan radarraren kudeaketa zuen enpresak emandako zerbitzua "oso ezegonkorra" izan dela adierazi du Maider Morras alkateak. "2022ko azaroan eten zen kontratua eta funtzionatzeari utzi zioten; 2023ko udan, gaur egungo Gobernuarekin, berraktibatu zen zerbitzua. Ikusita zerbitzua ez zela behar bezala funtzionatzen ari, esleitutako enpresari kontratua eten zitzaion duela gutxi, 2024ko abenduan. Ordurako, hasita geunden plegu berrien erredakzio lanekin, eta dagoeneko onartu ditugu", gaineratu du.

Radar makinek herri barruko abiadura mugak errespetatzen laguntzea da helburua, "oinezkoen eta bizikletan segurtasuna bermatuz", alkatearen esanetan. "Horretarako, makina berriek abiadura muga gainditzeko kasuak fidagarritasun osoz identifikatu beharko dute eta modu zehatz eta seguruan dokumentatu".

Kabina berri bat Zerrajeran

Gaur-gaurkoz, Arrasaten hiru radar kabina daude herri barruko kaleetan kokatuta: Gipuzkoa etorbidean bat, eta Nafarroan etorbidean bi. Morrasek aurreratu duenez, gainera, datozen hilabeteetan laugarren bat jartzea aurreikusten dute, Zerrajera kalean, "auzotarrek azken urteetan eskatu izan duten bezala".

Azkenik, matxura kasuetan, pleguek diote 72 orduko epea izango duela enpresak makinak konpontzeko; "eta, matxura konpondu ezin bada, ekipoa ordeztu beharko du zazpi egun naturaletan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak