"Hezkuntza formalean zein ez-formalean, bizitzako edozein aspektutan eta edozein momentutan, sexualitatea agertzen zaigu. Ezin gara sexualitatearen aspektu erotikora mugatu: esnatzen garen momentutik lo hartzen dugunera arte, gure buruarekin, beste norbaitekin zein taldean agertzen zaigu sexualitatea, eta sarri askotan, haur eta nerabeekin lanean ari garenean, esaterako, ez dakigu nola esku-hartu", azaldu dute Oinherriko kideak.
Goiz osoko jardunaldia iragarri dute egubakoitzerako, maiatzak 16. Egitaraua hemen dago ikusgai.
Hezitzaileendako eta familiendako
Herrietako edozein norbanako, elkarte edo eragile bertaratu daitekeen arren, hezitzaileei, familiei eta haur eta gazteekin lan egiten duten bestelako profesionalei zuzenduta dago bereziki jardunaldia, eta doakoa izango da. Jardunaldian izena emateko, honako galdetegia bete behar da.
Oinherrik hamaigakarren liburuxka aurkezteko baliatuko du jardunaldia. Liburuxka horrek aisialdi hezitzailearen eta hezkuntza ez-formalaren testuinguruan sexualitatea lantzeko tresna izan nahi du. "Sexualitatea askatasunez, autonomiaz eta errespetuz bizitzeko bideak eskaintzen ditu, hezkidetza sexualetik abiatuta. Sortu dugun liburuxka hezitzaileentzako gida bat da, haur eta nerabeekin sexualitatearen inguruko hausnarketa eta lanketa sustatzeko", aurreratu dute.
"Aisialdi hezitzailea eta hezkuntza ez-formala gune pribilegiatuak dira sexualitatea modu naturalean eta egokian lantzeko. Eskolako sexu-hezkuntza garrantzitsua den arren, sarritan ikuspegi biologizistara edo arriskuen prebentziora mugatzen da. Aisialdian eta eskolaz kanpoko hezkuntzan, ordea, harremanak eta bizipenak modu irekiagoan eta informalean aztertzeko aukera dago. Gainera, abantaila esanguratsuak ditu, hurbiltasuna eta konfiantza, eredu alternatiboak sortzea, plazeraren eta autonomiaren ikuspegia lantzea, edota elkarrizketa eta zalantzak argitzeko aukera gehiago izatea, esaterako", gehitu dute.