Musakolako Jai Batzordeak jaietako egitarauan kalerik egiten ez duen hitzordua antolatu du gaur, mendi bizikleta martxa, eta horrekin, dagoeneko hasi dira datorren astebururako motorrak berotzen. Beste urte batzuetan sekulako jendetza batu izan da martxan, eta gaur 110 lagunek hartu dute esku kirol hitzorduan. Eta kopuru polita da, kontutan hartuta atzoko eguraldi txarra ikusita bat baino gehiago etxean geratuko dela. Bada, euririk egin ez duela ikusita, damutuko zen, seguru. Izan ere, bizikletan ibiltzeko giro aparta egin du. "Egunean bertan jende asko animatzen da izena ematera, beste batzuek internetez ematen dutelako izena aurretik. Baina azken unera arte zain egoten direnak eguraldiaren zain egoten dira, eta atzo bota zuen euriarekin... Hala ere, pozik geratu gara martxak eman duenarekin, jendeak esan digu gustora ibili direla. Lokatz mordoa zegoen bidetxurretan, hori bai, eta asko izan dira momenturen batean lurrera joan direnak, baina inork ez du minik hartu. Hori bai, bizikletak garbitzeko mangerak lana izan du gaur. Hala, ibilbidea zaildu egin dezenez, batek baino gehiagok ibilbide motza egitea erabaki du, eta gustora geratu dira egindakoaz".
Ibilbidea Anporretako inguruetan hasi dute, eta handik jaitsita Kortaburu aldera hartu dute, alegia, Zubillagaruntz. Urkulura iritsita Galarrixa inguratu eta Bedoñarako bidea hartu dute, Kurtzetxiki inguruetatik Legarrara itzultzeko. Legarran bertan ere umeekin mendi bizikleta eguna ospatu dute.