Arrasaten bizi den Emma Cairns (Ipar Irlanda, 1991) Arrasateko hamaikakoko kidea da eta ahobizi rola izango du aurtengo Euskaraldian. Hirugarren aldiz parte hartuko du, eta, lehenengoan belarriprest izan bazen ere, gaur egun euskaraz egiteko ohitura sendoa duela dio: "Egunero erabiltzen badut, zergatik ez naiz ahobizi izango?". Akademian, ingelesa lantzen duen arren, euskaraz hitz egiteko ahalegina egiten dutela esan du: "Askotan, itzulpena gaztelaniara egiten da, baina guk euskarari eutsi nahi diogu ikasketa testuinguruan ere". Haren hitzetan, Euskaraldia erronka pertsonalez beteta dator, baina "prest" dago horiei aurre egiteko. Eskozian egin zituen unibertsitateko ikasketak, eta euskal kulturaren inguruan ikerketa-lanetan aritu zen han: "Oso gai interesgarria iruditu zitzaidan, eta gure egoerarekin antz handi duela uste dut: identitatearen inguruko galderak, hizkuntzaren balioa eta abar".
Harreman berriak eta euskararen indarra
Bilbon hasi zuen bizitza Euskal Herrian, baina Arrasatera lekualdatu zen, lasaitasun bila. Udal euskaltegian A2 mailatik abiatu zen eta bertan lagun talde sendo bat osatu du. "Harreman horiek euskaraz eraiki genituen, eta gaur arte iraun dute". Mintzapraktika taldeetan ere ibilia da, eta harremanak adin eta jatorri askotarikoekin izan ditu: "Esperientzia oso aberasgarria izan zen. Normalean, ez dugu horrelako elkarrizketarik, eta euskarak aukera hori ematen digu".