Irantzu Varela: "Dibertigarriagoa da pertsonaiatik kontatzea"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2025ko mai. 9a, 07:00

Irantzu Varela, kazetaria, komikoa eta aktibista. Argazkia: Esther San Emeterio.

Manologo bakarrizketa-saioa egingo du etzi, domeka, 19:30ean hasita, Arrasateko Amaia antzokian; Arrasate.eus atarian eta leihatilan eros daitezke sarrerak, hamar eurotan.

Kazetaria, aktibista, bakarrizketaria, idazlea eta saltsa gehiagotako perrexila da Irantzu Varela (Portugalete, 1974).

Arrasaten aurrez egondakoa zara, baina oraingoan Amaia antzokian; gogotsu zaude?

Bai; hor inguruan ezagutzen nauzue eta gustatzen zait espazioak aldatzea. Beti da erronka bat, baina pozik nago.

Gaztetxe giroan ibiltzen zara sarritan, baina antzokietan jardutea ere gustuko duzu?  

Antzokiak beste gauza bat dira, serioagoak ematen dute, eta esango nuke jendeak barre handiagoak egiten dituela zutik dagoenean, gaztetxeetan edo kontzertu-aretoetan. Txisteak kontatzen ari bazara ere, ikuskizun serioagoren itxura hartzen dute antzokietan, eta badirudi ez gaudela txisteak kontatzen jolasten.

Publiko moduan Amaia antzokian izan zara sekula?

Ezetz esango nuke. Areto batzuk irabazi egin behar dituzu, eta hala egiteko asmoa dut Arrasateko antzokian ere.

"Okupatzen dugun eta atentzioa pizten dugun edozein espazio ez da gurea"

Ibilbidean zehar espazio asko irabazi behar izan dituzu?

[Barre] Bai, duda barik; izan ere, espazio publikoak ez dira guretzako; pentsa, bertsolaritza hamarkadetan debekatuta izan da emakumeontzako. Plazandreak izatea ez dago ondo ikusita. Hortaz, okupatzen dugun eta atentzioa pizten dugun edozein espazio ez da gurea, baina, gainera, 50 urteko emakumezko bat, ehun kilo dituena eta guztion aurka egiten duena, bada, bakarrik zuk moduan pentsatzen dutenek hartzen zaituzte serio.

Zaildutako pertsona zara.

Bai; batzuetan, erdi brometan diot gustatuko litzaidakeela ikasteari uztea, praktikak egiteari utzi nahi diot dagoeneko. Uste dut modu batera edo bestera egin behar ez genuena egin dugunok –feminista gehienak eta genero disidenteak gara horrelakoak– konturatu barik, jakin bagenuen, akaso, ez genuen akaso egingo, baina, azken finean, aldarrikatzen ari garena da: bizi eta pentsatzen duguna esatea; ez da horrenbesterako, ezta?

Garaiak aldatzen ari direla pentsatu gura nuke, edo?

Bai, ikaragarri! Egia da geopolitika eta munduko egoera kaka-faxista hutsa dela, baina gu subjektua gero eta handiagoa da, eta konturatzen hasiak gara nor den etsaia. Etsaia patriarkatua eta kapitalismoa da eta gorputz zehatz batzuetan daude haragituta. Etsaiaren aurka eragiten ari gara, oraingoz, barrearekin bakarrik.

"Boterea 'performatzen' dutenei beldur handia ematen die erridikulua egiteak"

Umorea borrokarako tresna ona delako?

Nik uste nuena baino gehiago. Boterea performatzen dutenei beldur handia ematen die erridikulua egiteak; hortaz, txisteak kontatzea Enperadorearen ipuina-ren modukoa da: maskulinitateaz, poliziari eta monarkiari buruz, botereaz, demokraziaz, heterosexualitateari buruz barre eragitea. Eta, gainera, badu ondorio politikoa: erridikulizatuta sentitzen dira eta deskubritzen dugu enperadorea biluzik dagoela. Beldurra ematen die guk behetik gora barre egiteak, eurei goitik behera barre egitea gustatzen zaie eta. Nire ustez, baina, interesgarria da behetik gora barre egitea.

Bakarrizketaria beharrean atrilera zarela diozu; zer esan gura duzu horrekin?

Nire lagun batek egiten duen txiste bat da; testua ahaztuko zaidan panikoa dut, eta, hortaz, atrilarekin egiten ditut saioak. Jendeak uste du kantatu egin behar dudala, baina ez, saioko testua dut bertan. Nire partitura hori da [Barre].

Kazetaria, bakarrizketaria, idazlea, aktibista eta bestelako saltsa askotako perrexila… Zer da Irantzu?

[Barre]. Bada, ogibidez autonomoa naiz, eta saiatzen naiz gustatzen ez zaizkidan gauzak ez egiten, eta hori gero eta zailagoa da; hortaz, dibertsifikatu beharra dago. Azken finean, istorioak kontatzen ditut, izan artikuluetan, liburuetan edo agertoki gainetik. Argi eta garbi, nireak istorioak dira.

Noiz eta zelan hasi zinen jendaurrean istorioak kontatzen?

Oso goiz ikasi nuen berba egiten, eta baditut txikitan grabatutako zintak; nire lehen hitzetako bat ixildu izan zen. Ez dakit nik esaten nuelako edo niri esaten zidatelako. Txisteak jendaurrean kontatzen hastea nahiko kasualitatez izan zen. Valentziako lagun feminista batzuek eskatu zidaten umorezko bakarrizketa bat egiteko. Hara joan nintzen, feminazi trajea jantzita, eta 600 lagunen aurrean egin nuen estreinako saioa, plaza handi batean. Norbaitek grabatu eta sareetara igo zuen, eta, handik aurrera, eskaera asko jasotzen hasi ziren. Opari itzela da jendeak nirekin barre egitea.

2018an izan zen hori, eta, harrezkero, zazpigarrena duzu Manologo.

Bai, hala da. Leo naiz, eta segituan aspertzen naiz nire txisteekin, eta, gainera, txisteak sortzeko horrenbeste gauza gertatzen direnez, saio berriak sortzen hasten naiz segidan. Oso ondo pasatzen dut txisteak asmatzen, eta hala jarraituko dut, jendeak nirekin barre egitera etortzen den bitartean. 

"Pertsonaia bat naizenez eta ez ni, baimena ematen dit horrek beste batzuetan baino urrunago joaten"

Zure zazpigarrena, Manologo, eroango duzu Arrasatera. Zer kontatzen duzu?

Lehen aldia da pertsonaia batetik kontatzen dudala; oraingoan, ez da Irantzu bere kontuak kontatzen ari dena, eta, horregatik, ikara apur bat nuen, baina are eta dibertigarriagoa da niretzako. Txiste baten eta delinkuentziaren arteko mugetan nabil, baina pertsonaia bat naizenez eta ez ni, baimena ematen dit horrek beste batzuetan baino urrunago joaten. Eta esango nuke gustatzen dela hori; jendeak barre egiten du, nire gauza bera pentsatzen ari direlako. Oso pozik nago, gauza dibertigarriak pasatzen ari dira ikuskizunetan.

Hitz zuzenak erabiltzen dituzu.

Bai, hala da. Euskaldunak gara, ama euskaldunak ditugu eta horrenbeste borrokarekin gorputza zeharkatuta dugu. Tokian tokiko umoreak daude, baina niri bereziki gustatzen zait gurea, zuzena eta zorrotza.  

"Ez naiz sekula ni baino zapalduago dagoen jendearekin sartzen"

Spoiler handirik egin barik, zelako txisteak edo gaiak dakarkizu?

Ez naiz sekula ni baino zapalduago dagoen jendearekin sartzen, baina heterosexualitatearekin, boterearekin eta dauden tokietan meritu barik dauden jauntxoekin, señoroekin, bete-betean. Laburbilduz, Artemisa naizela esango nuke; hau da, ehizaren jainkosa. Eta beganoa naizenez, erabaki dut nire punteria ondo egiten diguten gaietan eta gauzetan jartzea.  

Txisteak alboratuta, behin baino gehiagotan salatu dituzu zure aurkako erasoak; gizarteak asko du oraindik ere ikasteko, ezta?

Uste dut biolentzia matxista beste modu edo forma batzuk dauden garaian gaudela. Formak ezberdinak diren arren, hondoa bera da; hau da: “Isildu zaitez eta ez zaitez nahi duzun moduan bizi”. Beraz, ikusgarritasuna dugunok beste biolentzia forma batzuk ari gara jasaten eta ari gara ikasten horiek seinalatzen, diagnostikatzen eta aurre egiteko moduak bilatzen, feminismoak beti egin duena. Publikoki salatzen jarraitzen dut, uste dudalako garrantzitsua dela kontzientziatzeko. Feminista izateak eta transfeminista izateak bere prezioa du, baina ez naiz isilduko.

"Gustatuko litzaidake etortzea eurei ezer gertatu ez zaiela uste duten emakumeak"

Nor gustatuko litzaizuke, publikoan, aurrean izatea?

Gustatuko litzaidake etortzea eurei ezer gertatu ez zaiela uste duten emakumeak. Etorri, txiste batzuk kontatuko dizkizuet, eta hortik aurrera ea zer iritzi duzun.

Domekan Arrasaten izango zara; zelan duzu agenda?

Atzo, eguena, Valentzian egon nintzen; eta gaur Zaragozan dut saioa; domekan Arrasaten; eta datorren astean, Madrilen, Getxon eta Laudion izango naiz.

Pozik, ezta?

Oso; ikaragarria iruditzen zait ezagutzen ez nauen jendeak aretoak betetzea.

Zuri zerk ematen dizu barregura?

[Barre]. Umore zitalak. Asko gustatzen zaizkit kamikaze-umorea egiten dutenak, goikoekin sartuta, eta norberari buruz barre egiten dutenak; ez dago ezer sexyagorik nork bere buruari barre egitea baino.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak