Fagor Etxetresnak eta Edesa kooperatibako 372 bazkide ohik Mondragon Korporazioaren aurkako salaketa jarria zuten, 2014an bi kooperatibek porrot egin ondoren, horietan egindako borondatezko ekarpenak, maileguak eta erretiro osteko ordainketak itzultzeko eskaria eginez, baina Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi du preskribatuta dagoela; horrenbestez, bazkide ohiek ez dute dirurik jasoko. Korporazioak "oso modu baikorrean" baloratu du epaia, ohar baten bidez adierazi duenez.
Hamar urteko prozesua izan da, hain zuzen ere. 2015eko azaroan abiatu zuten auzibidea bazkide ohiek; ordu hartan, 957k egin zuten eskaria, eta 47,8 milioi euro eskatu zizkioten Mondragoni. Lehendabizi, Bergarako epaitegira jo zuten, eta, ondoren, Gipuzkoako Lurralde Auzitegira; hala ere, biek ere auzia preskribatuta zegoela ebatzi zuten. 372 bazkidek prozesuarekin jarraitzeko hautua egin zuten, Espainiako Auzitegi Gorenean errekurtsoa jarrita, eta 24 milioi euroko erreklamazio-eskaria eginda. Dena den, epaitegi horrek ere ebatzi du auzia preskribatuta dagoela.