Espainiako Auzitegi Nagusiak atzera bota du Mondragonen aurka jarritako erreklamazioa

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko mai. 7a, 10:33

Bergarako epaitegira eta Gipuzkoako Lurralde Auzitegira jo ondoren, Espainiako Auzitegi Gorenera jotzeko erabakia hartu zuten 372 bazkidek, baina epaia ez da euren aldekoa izan.

Fagor Etxetresnak eta Edesa kooperatibako 372 bazkide ohik Mondragon Korporazioaren aurkako salaketa jarria zuten, 2014an bi kooperatibek porrot egin ondoren, horietan egindako borondatezko ekarpenak, maileguak eta erretiro osteko ordainketak itzultzeko eskaria eginez, baina Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi du preskribatuta dagoela; horrenbestez, bazkide ohiek ez dute dirurik jasoko. Korporazioak "oso modu baikorrean" baloratu du epaia, ohar baten bidez adierazi duenez.

Hamar urteko prozesua izan da, hain zuzen ere. 2015eko azaroan abiatu zuten auzibidea bazkide ohiek; ordu hartan, 957k egin zuten eskaria, eta 47,8 milioi euro eskatu zizkioten Mondragoni. Lehendabizi, Bergarako epaitegira jo zuten, eta, ondoren, Gipuzkoako Lurralde Auzitegira; hala ere, biek ere auzia preskribatuta zegoela ebatzi zuten. 372 bazkidek prozesuarekin jarraitzeko hautua egin zuten, Espainiako Auzitegi Gorenean errekurtsoa jarrita, eta 24 milioi euroko erreklamazio-eskaria eginda. Dena den, epaitegi horrek ere ebatzi du auzia preskribatuta dagoela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak