Mondragon Unibertsitateko emakumezkoen taldeak joan den astean jakin zuen mailari eustea lortu duela, eta, horrenbestez, LF2 mailan arituko da datorren denboraldian ere. Bigarren LEB mailako Clavijo eta Sol Girones taldeen aurkako kanporaketaren zain zeuden, ordea, gizonezkoak, horien emaitzak baldintzatu baitzezakeen euren etorkizuna hirugarren LEB mailan. Azkenean, datorren denboraldian maila berean mantentzeko aukera izango dute.
Ointxek jakinarazi duenez, "poz handia" da klubarendako zein jokalariendako gizonezkoen taldeak mailari eutsi ahal izatea, eta baita "datorren denboraldian Iturripen gizonezkoen eliteko saskibaloia ikusten jarraitu ahal izango dute zaleentzat" ere. "Txapelketan hamahiru garaipen eta hamahiru porrot lortu dituen talde batek behera egin behar izatea ez zen oso logikoa, baina, oraingo honetan, behintzat, esan dezakegu justizia egiten dela lehiaketa oso zorrotz batean zortzi denboraldi jarraian baino gehiago daramatzan talde batekin". Are, emakumezkoek LF2 mailan jarraituko dutela ere erantsi dute, klubaren lana azpimarratuta: "Horrek agerian uzten du, zalantzarik gabe, Ointxe azken urteetan egiten ari den lan bikaina".