Ekintzaz lepo dator maiatza Arrasateko Udal Bibliotekan

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko api. 30a, 10:09

Iñigo Astiz Kulturaten izango da maiatzaren 15ean.

Literatura solasaldien baitan, Karmelo C. Iribarren eta Iñigo Astiz idazleak Arrasaten izango dira. Horrekin batera, idazketa tailerra edo komiki kluba egingo dituzte, besteak beste.

Alde batetik, literatura solasaldiak maiatzean bukatuko dituzte, eta, azken urteetako ohiturari jarraituz, gaztelaniazko zein euskarazko saioetan idazleak gonbidatuko dituzte. Maiatzaren 7an, eguaztena, Karmelo C. Iribarren poeta donostiarra Kulturaten izango da, bi liburu besapean dituela: Mientras me alejo poema-liburua eta Diario de K. Era berean, Iñigo Astiz Berria-ko kazetaria maiatzaren 15eko saioan izango da, Monogamoak ipuin-liburuaren inguruan solaskideekin berba egiteko. Bi saioak Kulturateko Jokin Zaitegi gelan egingo dituzte, 18:00etan.

Saio librea izango da eta Udal Bibliotekako kideek herritarrak gonbidatu dituzte parte hartzera. "Norbaitek  interesa balu edo kuriositatea idazle hauek ezagutu eta haien obraren inguruan zeozer galdetzeko, ez da derrigorrezkoa aurretik izena ematea", azaldu du Asun Agirianok, Bibliotekako zuzendariak.

Era berean, maiatzaren 6an, idazketa tailerra egingo dute, Alejandro Fernandez irakaslearen eskutik, 18:00etatik 20:00etara. "Hastapen-tailerren bat egin dutenentzat eta sakontzen jarraitu nahi dutenentzat izango da".

Halaber, maiatzaren 8an, Meloia eta angurria ipuin kontaketa egingo dute Txaeta, 18:00etan hasita –euria bada, Kulturaten–. Souad Salah Ghala eta Nerea Atxa izango dira kontalariak, hassanieraz eta euskaraz. Ekin Emakumeak Elkartearekin eta Udalarekin elkarlanean antolatutako saioa izango da, Mundutik Arrasatera egitasmoaren baitakoa.

Horrez gain, maiatzaren 14an, komiki kluba egingo dute, Igor Leturiaren eskutik, 18:00etan hasita. Hilaren 15ean, bestalde, Iñigo Astizen Monogamoak izango dute berbagai.

Aipaturiko saioetarako izen-emateak udal webgunean egin daitezke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak