"Gerra Zibileko haurrak gogoratzeko" erakusketa zikloa

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2025ko api. 29a, 19:13

Debagoieneko Ezker Kultur Gunean maiatzaren 5ean zabalduko duten erakusketa. Argazkia: D.E.G.

Gerra Zibilean atzerriko herrialdeetan babes bila itsasontzietan abiatu ziren 33.000 euskal haurren "istorioak helarazteko eta haien memoria aldarrikatzeko helburuarekin" 240 argazkiz osatutako erakusketa zikloa zabalduko du Debagoieneko Ezker Kultur Guneak maiatzaren 5ean euren egoitzan.

Ume hauek Sobietar Batasunean, Frantzian, Erresuma Batuan, Belgikan eta Mexikon bizi izandakoak ekartzen ditu gogora erakusketak. "Horien artean daude: Eskoriatzako Eduardo Gorosarri apaiza eta musikaria, 1937an El Habanan itsasoratu zena 4.000 neska-mutilen tutore moduan; Isaias Albistegi eibartarra, II. Mundu Gerran Sobietar Batasuneko pilotu eta heroia izandakoa eta Angel Etxeberria musikari eta akrobata", azaldu dute Debagoieneko Ezker Kultur Gunetik.

Hiru erakusketatako zikloa

Argazki asko dituzte eta hori dela-eta, hiru erakusleta antolatu dituzte, 80 argazkirekin bakoitza. Maiatzaren 5ean zabalduko dute lehenengoa eta maiatzaren 16ra bitartean izango da ikusgai; bigarrena, berriz, maiatzaren 19an zabalduko dute eta maiatzaren 30era bitartean izango da ikusgai, eta ekainaren 2tik 13ra bitartean egingo dute hirugarrena.

Astelehenetik eguenera zabalik

"Balio historiko eta emozional handia duten" doako erakusketa horietara hurbiltzeko gonbidapena egin du Debagoieneko Ezker Kultur Guneak. Jendaurreko ordutegia astelehenetik eguenera izango da, 18:00etatik 19:30era, Arrasateko Aldai kaleko 9an duten egoitzan.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak