'Union Cerrajera' berbak jarri dituzte Kulturolako fatxadan

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko api. 29a, 11:46

Arrasate Zientzia Elkarteak industria arloko arkeologia babesteko helburuarekin egindako eskakizun bati erantzunez, Union Cerrajera berbak jarri ditu Udalak Kulturolako fatxadan.

Eraikinaren izaera berreskuratzeari garrantzia eman dio Maider Morras Arrasateko alkateak. "Uste dugu industria ondareari ekarpen handia egingo diola jatorrizko izena berreskuratzeak, izan ere, fabrika horrek erabat baldintzatu zuen Arrasateko egunerokoa. Ehunka herritarrek egiten zuten bertan lan, eta Arrasate 'herri sarrailagile' bezala ezagutzera eman zen", azaldu du.

Berbak eraikineko fatxadan jartzea "aspaldiko eskakizuna" dela adierazi du Arrasate Zientzia Elkarteko Jabier Bengoak. "Duela hiruzpalau agintaldi egin genuen eskaera lehen aldiz, eta urtero eskatu izan dugu orain arte. Azkenean, onartu digute. Ez gaitezen ahaztu garai batean zer izan zen eraikin hau", dio.

Lantegiaren izena berreskuratzeaz gain, jatorrizko sirena ere entzun ahal izango da Maiatzaren 1ean, Langileen Nazioarteko Egunean, 12:00etan, "han sortutako langile klasea eta mugimendu sindikala gogoan izateko", dio Morrasek.

Union Cerrajerako hainbat eraikin mantentzen dituzte oraindik: Zerrajerako arkua, garai hartan bulegoak izan zirenak (Mondragon Hotela); lantegia bera (Kulturola), Aprendices ikastetxea izan zena (Juan Artzamendi Musika Etxea), eta etxebizitzak (Etxe Txikiak). "Horrelako oso adibide gutxi aurkitu ditzakegu hemen inguruan", azpimarratu du.

Ondarearekiko "konpromiso osoa"

Udal Gobernuak ondare industrial eta historikoarekiko "konpromiso osoa" erakutsi du, agintaldi honetan gauzatutako ekintzak nabarmenduz: "Markuleteko labea berreskuratu eta hori birgaitzeko azterlana egin dugu; Zerrajerako arkuan mantentze eta eraberritze lanak egin ditugu; Arrasate 360º bisita birtuala garatu dugu; Etxe Txikietan plaka oroigarria jarri dugu, AZEren eskariz; eta orain Union Cerrajera berbak jarri ditugu Kulturolan". Horrez gain, Portaloiko eta Iturriotzeko ateak eraberritzeko proiektuak ere martxan dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak