Elara, bidaia bat izarretara antzezlana egingo du Mar Mar konpainiak zapatuan Amaia antzokian. Hiru aktorek osatuko dute emanaldia; Garoa Bugallok, Aritza Rodriguezek eta Maitane Serranok, eta hainbat pertsonaia egongo dira antzezlanean. "Elara, beste hainbat ume eta nagusi bezala, erantzunen bila ari da, nahiz eta erantzun batzuk ez dituen aurkitzen. Galera eta dolu asko izango ditu eta bidaia bat egingo du izarretara, erantzun horien bila. Bidaia horretan, pertsonaia askorekin egingo du topo: amona, fantasiazko askotariko pertsonaiak eta abar", azaldu du Igor Iglesias Mar Mar konpainiako kideak.
Galeraren edo doluaren fasearen arabera, aldarte ezberdinak izango ditu Elarak eta bizitzaren prozesua zein den ikusiko du. "Antzezlanarekin, erakutsi gura duguna da bizitzak fase asko dituela eta guztiok pasatzen garela fase horietatik. Umeek egunero izaten dituzte doluak, handiak zein txikiak; jostailu bat galdu zaielako, esaterako. Eta guk hor egon behar dugu, haiei bide horretan laguntzeko. Antzezlan honekin, ikusarazi gura duguna da guztiok bizi ditugula egoera zailak eta elkar lagundu behar dugula", dio Iglesiasek.
Gai zailak izan arren, umoretik lantzen dituzte eta haurrendako obra bat bada ere, nagusiendako ere badela onartu du Iglesiasek. "Nahiz eta hiru urtetik gorakoendako katalogatuta egon, familia osoarentzat pentsatuta dagoen ikuskizun bat da. Oso neurtuta daukagu antzezlana eta, abestiez gain, pertsonaia arraro eta barregarriak daude. Edozelan ere, mezu bat du ikuskizunak eta hori argi helarazten du".
Mezuaz galdetuta, labur erantzun du konpainiako kideak: "Bizitzan suertatzen diren galdera guztiek ez dute erantzunik eta bakoitzak bere denbora behar du gertatutakoa barneratu eta aurrera egiteko".
Otsailean aurkeztutako antzezlana
Otsailaren 9an aurkeztu zuten antzezlana, Barakaldo antzokian. "Aurrez, hala ere, ikastetxeetan emanaldiak egin genituen, Barakaldoko umeek esklusibotasuna izateko", dio Iglesiasek.
Ordutik, geratu barik ari dira plazaz plaza. "Zoramena izaten ari da. Joan den astean hemeretzigarren emanaldia egin genuen eta Arrasatekoa hogeigarrena izango da. Alde horretatik, zorte handia daukagu; egubakoitz, zapatu eta domeka antzezten ari gara asteburu askotan, eta arrakasta handia izaten ari gara. Gainera, publikoaren erantzuna oso ona izaten ari da. Beraz, pozik gaude".
Hala, antzezlan "berri eta freskoa" dela nabarmendu du, "dibertigarria eta emozio askokoa", eta zera gaineratu du: "Emozioen bidaia batean murgiltzeko modu aproposa da, beraz, arrasatearrak animatu daitezela".
Arrasatekoaren ostean, beste hainbat emanaldi egingo dituzte eta maiatzaren 24an Bergaran izango dira, denboraldiko azken emanaldian.