Proposamen berezi batekin datoz bi artistak, Ibai-arteko kideek azaldu dutenez. "Ma Rainey, Bessie Smith, Alberta Hunter, Ida Cox, Victoria Spivey, Dinah Washington, Big Mama Thornton edo Billie Holiday bezalako emakumeek eragin izugarria izan zuten XX. mendeko afroamerikar musikaren sorreran eta garapenean, nahiz eta askorentzat ezezagunak izan. Horregatik, horiek berreskuratu eta zabaltzea du helburu emanaldiak".
Narrazio musikal baten bidez, Itziar Yagüe abeslari, konpositore eta komunikatzaileak eta Paul San Martin piano-jotzaileak bluesaren emakume aitzindari horien historia ezkutua kontatuko dute. "Jatorriz landa-ingurunekoa zen generoa hirietako antzoki, irrati eta agertokietara eraman zuten emakume horiek, eta funtsezko papera izan zuten bluesaren eta jazzaren arteko trantsizioan, musika garapenari bide berriak irekiz eta eragin kulturala izugarri zabalduz".
Errezitaldiak, musika ez ezik, emakume horien garaiko testuinguru historiko eta soziala ere landuko du. "Emanaldiarekin, ez da soilik bluesaren lehen emakume artisten talentua aldarrikatu nahi; baita Itziar Yagüeren emakumezko bluesaren ondare historiko eta musikalarekiko konpromiso pertsonal eta artistikoa ere. Jazzaldia bezalako jaialdi ospetsuetan bere lanarekin parte hartu duen artista sendo honek, bere gai berriak sortzen jarraitzen du, emakume aitzindari hauekiko duen miresmena eta blues eta R&B garaikidearekiko ikuspegi propioa uztartuz".
Yagüek Paul San Martin piano-jotzaile ospetsuaren laguntza izango du, "haren ezagutza sakona eta musika-aniztasunari esker, publikoarentzat bizipen aberasgarria eta hunkigarria bermatuz".
Ibai-arteko kideek nabarmendu dutenez, egubakoitzekoa "aukera paregabea" izango da "emakume horien ondare baliotsua ezagutzeko, gozatzeko eta aitortzeko, haien garrantziaz kontzientzia sortzeko eta hain ekarpen artistikoari behar bezalako balioa eta aitortza eskaintzeko".