Arratsalde gazi-gozoa MUrentzat

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko api. 26a, 21:48

Emakumezkoen taldeak, garaipen erosoarekin, mailari eustea lortu du. Gizonezkoen taldeak, aldiz, galdu egin du aurkari zail baten aurka eta helburu hori asko zaildu zaio.

Arratsalde gazi-gozoa izan da Mondragon Unibertsitatearentzat. Emakumezkoek oso partidu txukuna egin dute aurkari zuzena zen Aranguren Multibasketen aurka, eta garaipen erosoa lortu dute (80-55). "Oso ondo sartu gara partiduan. Laurden guztietan lehiatu eta irabazi ditugu, beraz, pozik gaude. Haien aurkako Joaneko partiduan lan bikaina egin genuen, baina bagenekien gaur partidu desberdina izan zitekeela, azken jardunaldia zelako eta maila mantentzea zegoelako jokoan", azaldu du Izar Bediak, taldeko kapitainak.

Modu horretan, LF2 mailari eustea lortu dute, denboraldia sailkapeneko bederatzigarren postuan amaituta. "Azken jardunaldian bada ere, mailari eutsi diogu eta oso pozik gaude. Denboraldi polita izan da eta helburua bete dugu. Orain pilak kargatu eta datorren denboraldian ea goiko postuen borrokan gauden".

Gizonezkoen taldea, zain

Gizonezkoen taldeak, aldiz, galdu egin du Bilbao Basket Fundazioaren aurka (62-72). Hala, sailkapeneko hamargarren postuan amaitu du liga erregularra eta haien esku ez dagoen kanporaketa batek baldintzatuko du arrasatearrek hirugarren LEB mailan jarraitzea.

Martxel Balanzategik hala azaldu du egoera: "Normalean baino talde gehiago jaitsiko dira aurten, izan ere, bigarren LEB kategoriatik gure kategoriara dagoeneko talde bat jaitsi da. Bigarren taldeak, Clavijok play-out bat jokatuko du. Kanporaketa hori irabazten badu, bigarren LEB kategorian mantenduko da eta, ondorioz, gu ere bai hirugarren LEB mailan". Clavijok kanporaketa hori galduz gero, ordea, maila galduko lukete arrasatearrek.

Balanzategik onartu du egoera "gogorra" dela. "Oso denboraldi gorabeheratsua eduki dugu. Hala ere, azken txanpan espero ez genituen garaipen batzuk lortu ditugu eta lan handia egin dugu. 13 garaipen eta 13 porroteko balantzearekin bukatu dugu denboraldia eta ez da justua mailaz jaistea. Egia da gehiago espero genuela denboraldi hasieran, baina ez da mailaz jaisteko balantze bat".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak