Hausnarketa prozesu bat abiatu berri du Arrasate Rugby Taldeak, "garaiak aldatu" egiten direla iritzita, zuzendaritza taldearen hitzetan: "Zalantzan jarri behar dugu zer egiten dugun eta nola egiten dugun: alegia, zein izan behar den gizarteari eman beharreko erantzuna taldetzat, dauden beharretara egokituta. Horregatik, gure arteko eta gizartearekiko harreman-ereduari eta oinarriari buruzko hausnarketa prozesu bat hasi dugu, gaur egungo hobekuntza-puntu eta etorkizuneko ikuspegitzat balio dezakeelakoan".
Hain zuzen ere, norabide hori zehazteko asmoz, galdetegi bat zabaldu dute ARTko bazkideen artean, baina zinegotzi, komunikatzaile eta babesle batzuei ere bidali diete, parte-hartzeko eskaria egitearekin batera: "Denon artean ez bada, ez delako".
Hiru zatitan banatuta
Zuzendaritza taldeak jakinarazi duenez, hiru zatitan dago banatuta galdetegia: batetik, kirolari buruzko galderak daude, entrenamenduen eta lehiaketen ingurukoak; bestetik, taldearen ekonomia aintzat hartzen dutenak, hala nola kuotak, garagardo feria eta Gabonetako entrenamendua; eta azkenik, aurrerantzean hartu beharreko norabidearen gainekoak. "Azken ataleko galderak gehiago daude hausnarketara bideratuta, gaur egun kirol hau nola ulertzen den zehaztera, neska-mutikoei eta gurasoei zer eskaini behar diegun pentsatzera". Izan ere, adierazi dute ARTren jardunaz kezkatuta daudela: "Zer eskaini behar diegu horiei guztiei? Profesionalizazioa? Heziketa? Lagunartean igarotzeko une bat? Garaipena?".