"Sentimendu demokratikoa eta errepublika estatu modu bidezkoena" dela aldarrikatzeko ekitaldia egingo dute bi alderdiek apirilaren 14an. "Bandera errepublikano handi bat altxatuko dugu ondoko farolan. Ondoren, hirugarren errepublika bat aldarrikatuko dugu, plurinazionala, justua eta demokratikoa", azaldu du Juan Luis Merinok, Ezker Anitza-IU Debagoienako koordinatzaileak.
Bi erakundeen ustez, "egungo testuinguru belizistan", garrantzitsua da herritarrei helaraztea errepublika hura irudikatu zuten "bakearen, justizia sozialaren, kulturaren eta aurrerapenaren balioek bizirik dirautela" ia mende bat geroago.
Merinoren ustez, "ezinbestekoa" da Espainiako monarkiak egungo gizartean duen rolaz hausnartzea. "Monarkia herentziazko erakunde anakronikoa da, desberdintasun historikoak iraunarazten dituena eta zilegitasun demokratikorik ez duena".
Horregatik, "sentimendu errepublikanoa" duten herritarrei dei egin diete ekitaldira joateko eta ospakizun horretan parte hartzeko, "etorkizun errepublikanoa eraikitzeko, hirugarren errepublika errepublikanoen bultzadarekin baino ez baita iritsiko".
Zapatuan, Eibarren
Bestalde, zapaturako ere antolatu dituzte ekintzak bi alderdiek. Lehenik, 10:00etan, Ermuko Orbe Kardinalaren Plazatik martxa errepublikanoa abiatuko dute. Gero, 11:00etan hasiko da ekitaldi politikoa, Eibarko Txaltza Zeliko Tenpletean eta, amaitzeko, errepublikaren aldeko bazkaria izango da herriko frontoian.