Berreraikitze Aroa izeneko lehen diskoa aurkezten dabil, Heitxi izen artistikoarekin, Eider Etxeandia musikaria. Bost emakume gaztek osatutako taldea lagun, ikus-entzunezkoak uztartzen dituen bidaia sentsoriala taularatuko du Amaia antzokian.
Musikalki, estilo modernoetan mugitzen da, adibidez, elektronikan, eta euskal kulturako soinu tradizionalekin nahasten ditu; batez ere, trikitiarekin eta panderoarekin. Hori horrela, elektro-triki-pop kutsua daukate abestiek. Diskoaren izenak iradokitzen duen moduan, eduki aldetik nortasuna berreraikitzeko prozesua aztertzen du Heitxik: "Diskoa, bere osotasunean, itxaropen-eskutitz bat da, aldaketa eta momentu hobeagoak eskatzen dituena, bai eta iragana ospatu eta etorkizun hobeago batengatik borrokatzen dena. Abestiek ere bidaia introspektibo batera gonbidatzen dute, mezu pertsonal sendoarekin", azaldu du Etxeandiak.
Sarrerak 10 eurotan daude salgai, udal webgunean eta antzokiko leihatilan.