Bluesaren suak uztailaren 10etik 13ra berotuko du Arrasate

Hasier Larrea 2025ko api. 9a, 15:34

Zazpigarren aldiz antolatuko du Ibai-artek Arrasate Blues jaialdia, eta oraindik egitarau osoa guztiz finduta ez daukaten  arren, kartelburu nagusiaren berri eman dute gaur: Sugaray Rayford. Aurreratu dutenez, aho-soinuak protagonismo berezia izango du aurten, eta horregatik oinarritu dute instrumentu horretan aurtengo iruditegia.

Zazpigarren urtez jarraian, Ibai-Artek helburu berarekin antolatu du jaialdia: bluesaren bidez Arrasateko kale eta plazak girotzea. Hala, lau eguneko egitarau bat antolatu dute, eta, Jon Apraiz antolatzaileak azaldu moduan, 24 ordu baino gehiagoz izango da musika protagonista.

Kajoi tabernan bota dute gaur lehen amua, Jaime Bengoa Udaleko Tokiko garapen eta enplegu zinegotziarekin batera. Haren hitzetan, "harro egoteko modukoa da musika jaialdien artean Arrasate Bluesek hartu duen izena, herria mapan kokatzen laguntzen baitu". 

Jarraian, egitarauari buruzko xehetasun batzuk aipatu ditu Apraizek, adibidez, dozena bat kontzertu baino gehiago egingo direla eta horien artean Sugaray Rayford egongo dela: "Soul-blues abeslari eta konpositore estatubatuarra Grammy sarietarako izendatu dute, eta edozein soinurekin ausartzen da. Travellin Brothers-en eskutik iritsiko da Arrasatera, 2023an Trudy Lynn-ekin probatu zen formula berarekin, alegia".

Gaineratu du, Taupa tabernaren 20. urtemugarekin bat eginez, Los Galerna arrasatearrek eta Lost Acapulco mexikarrek tabernaren kanpoaldean joko dutela, jaialdiaren barruan. 

Aurtengo edizioaren kartelaren irudia ere erakutsi dute, Adox Komunikazioak sortuta: "Protagonismoa aho-soinuari ematen zaio, oso instrumentu blueseroa izateaz gain, aurtengo Arrasate Blueseko edizioan inoiz baino presenteagoa egongo delako".

Hainbat kontu esku artean

Ekimen paraleloak ere martxan dauzkate. Esaterako, gaur bertan hasiko dute swing ikastaroa, sare sozialetan zabaldu duten deialdian 30 lagun inguruk izena eman ostean: "Zortzi saio inguru izango dira, baina asmoa dugu irailetik aurrera deialdi irekiago bat egiteko, eta talde trinko bat sortzeko, Oñatin edota Aretxabaletan dagoen bezala". Bestetik, aho-soinua jotzen ikasteko saioa ere antolatuko dute, eta emakumeek bluesean duten garrantziaz jarduteko hitzaldia ere eramango dute aurrera, "ziurrenik, maiatzaren 2an".

Prentsaurrekoaren ostean, jaialdian JAC Electric taldearekin joko duen Jaime Alvarellosek kantu bat jo du gitarrarekin, hitzorduari ukitu blueseroa emanez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak