25 urte elkarrekin margotzen erakusketa izango du ikusgai apirilean Uribarriko erretiratuen elkarteko margolari taldeak, Kulturateko klaustroan. Izan ere, norbanako batzuk aurrez margotzen hasita bazeuden ere, 2000. urtean abiatu zuen bidea taldeak, Marivi Barreno irakaslearekin, eta dagoeneko mende laurdenera ailegatu dira. Hain zuzen ere, hori ospatzeko asmoz prestatu dute erakusketa.
Modu horretan, urte hauetan guztietan taldeko hamaika kidek margotu dituzten koadroak jarriko dituzte ikusgai. "Guztiak erakutsi ezin ditugunez, aukeraketa bat egin dugu, gure ustez onenak edo ikusgarrienak diren margolanekin". Izan ere, koadro asko dituztela diote. "Batzuk oparitu egin ditugu eta beste asko etxean gordeta dauzkagu".
Esan moduan, datorren eguaztenean egingo dute inaugurazio ekitaldia, 17:30ean, Kulturateko klaustroan, eta herritar guztiei dei egin diete erakusketaz gozatzera joateko. "Gura duguna da herritarrek ikustea emakume hauek nolako lana egiten duten eta zertarako gai diren", adierazi du Barrenok.
Tartean Aste Santua dagoenez, bi zatitan banatuko dute erakusketa. Hau da, apirilaren 9tik 16ra egongo da ikusgai, astelehenetik zapatura, 17:30etik 20:30era; ostean, apirilaren 28an irekiko dute, 30era arte. "Guztira hamar egun izango dira eta uste dugu herritarrek nahikoa denbora izango dutela erakusketara joateko".
Hasiera batean, margolanak erakustea da asmoa, baina ez dute baztertzen horiek saltzea ere. "Norbaitek prezio duin bat eskaintzen badigu, prest gaude saltzeko", diote. "Egia da, ordea, pena ematen digula gure koadroak beste batzuen esku uzteak. Azken batean, gure seme-alabak izango balira bezala maite ditugu; lotura berezia sortzen zaigu koadroekiko".
"Apirilaren 9tik 16ra eta 28tik 30era egongo da ikusgai erakusketa, Kulturateko klaustroan"
Margotzea baino askoz gehiago
Urte hauetan guztietan hamar bat kide izan ditu, gutxi gorabehera, taldeak, eta gehienak emakumezkoak izan dira. "Gizonezkoek ere ateak irekita dituzte, baina inor ez da animatzen", azaldu dute. Kopurua egokia dela diote, elkartean bertan duten lokalak ez baitu gehiagorako aukerarik ematen.
Margo taldearen helburu nagusia entretenimendua da, taldekideen esanetan. "Edozelan ere, hori baino askoz gehiago da guretzat. Harmonia handia dugu eta denbora azkar pasatzen zaigu hemen, giro ederrean", azpimarratu dute.
Astelehenetan elkartzen dira eta bi orduko saioak egiten dituzte. "Printzipioz bi ordu izan arren, askotan, gehiago ere egiten ditugu. Beti luzatzen zaizkigu saioak. Izan ere, oso aberasgarria da guztiok elkarrekin margotzea. Gero, gainera, beti hartzen dugu kafea elkarrekin eta une hori ere oso garrantzitsua iruditzen zait. Elkartasun horrek ematen dio balio erantsia talde honi", adierazi du Barrenok.
Bigarren erakusketa izango da
Materialari dagokionez, astoak Uribarriko erretiratuen elkarteak jartzen ditu, baina norberak bere materiala dauka margotzeko. Erabiltzen duten teknika nagusia olio-pintura da eta askotariko koadroak margotzen dituzte. "Normalean, bakoitzak aukeratzen du zeri buruz margotu eta nik baliabideak ematen dizkiet buruan daukaten hori gauzatu ahal izateko. Gehienek bilobak dituzte eta haientzako ere margotzen dituzte koadroak askotan", azaldu du irakasleak.
Datorren astean irekiko dutena taldearen bigarren erakusketa da. "Duela urte asko, egin genuen bat, Arrese aretoan. Gaur egun ez dakit erabili ere egiten den", dio Barrenok.