"Euskal Herri langileari" batzeko eta Gernikan egingo duten Aberri Egunean parte hartzeko dei egin dio Jardun Koordinadorak. "Independentzia eta sozialismoaren bidean, langileon antolakuntza halabeharrezko baldintza suertatzen baita, Aberri Eguna bide horretan Euskal Herriko langileon elkargune izateko tresna delarik", adierazi dute.
Gaineratu dutenez, banaketa da frantziar eta espainiar estatuek Euskal Herri langilearen aurka darabilten elementu estrategikoa. "Hori era argian gauzatzen da lurraldetasunari eta administrazioari dagokienez, kulturan eta hizkuntzan isla argia edukiz. Azken helburua, asimilazioa xede, Euskal Herriaren izana eta izatea ukatzea dutelarik".
Gorrotoa eta beldurra dira, haien esanetan, egun borreroak langileen bihotzetan izua nagusitu, elkartasuna deuseztatu eta langileen arteko batasuna arrakalaz josteko baliatzen ari diren tresnak. "Horrela, nazioartean gerra sustatzen duten bitartean, migrazioa aurkezten dute arazo gisa. Hainbat langile kale gorrian utziz, hauek etxegabetzen dituzten bitartean, okupazioa ei da arazoa".
Horri aurre egiteko helburua izango du Aberri Egunak. "Euskal Herriaz ari garenean Euskal Herriko langileon aberriaz ari gara, klase eta nazio baten askapenerako bidean beharrezkoa den proiektu politikoaren gauzapenaz, alegia. Hori da, hain zuzen ere, Aberri Egunean garbi utzi eta ozen aldarrikatu beharreko mezua, burgesia bidelagun izatea proposatzen duten planteamenduak honen kapritxo eta beharrizanen menpe baitaude".
Honako hau da Aberri Eguneko egitaraua: