Dantzaren Pedagogiako goi-mailako tituluduna, Arte Eszenikoetako unibertsitate masterduna eta Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziaduna da Adriana Bilbao, eta 2019an sortu zuen dantza konpainia. Bilbaoren dantza flamenko tradizionalenaren barnean definitzen da, baina berritzeko duen kezkak beste kode batzuk probatzen joateko aukera ematen dio, mugimendu dotore eta sotil baten bidez, baina, aldi berean, mugimendu bizien bidez.
Iazko ekainean sortua
Bilbaok sortutako laugarren ikuskizuna egingo du etzi, domeka, Amaia antzokian, 19:30ean. "Euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez dantzatutako olerki eta abestien suitea" dela dio Adrianabilbao.com atarian, eta zera gaineratu du: "Maitasuna dute, forma eta imajinario desberdinetan, pieza bakoitzaren ardatz. Eszenaratze sinple eta zorrotzarekin, obraren hiru interpreteek –Adriana Bilbao dantzaria, Beñat Achiary abeslaria eta Raul Corredor gitarra-jolea– bidaia bat egiten dute, maitasun inozenteenetatik abiatuta, amodio sutsuenak, obsesiboenak eta espiritualenak zeharkatuta".
Arrasate.eus atarian eta Amaia antzokiko leihatilan eskuratu daitezke, hamar eurotan, dantza emanaldi berezirako sarrerak.