"Erasoen aurrean, autodefentsa feminista". Hala dio Arrasateko Mugimendu Feministak gaur kaleratu duen oharrak. "Azken egunetan Arrasateko bi musika taldetako kide bat kanporatua izan dela jakin dugu, eraso eta jarrera matxistak direla medio. Guk argi dugu non kokatu behar garen. Beti egongo gara edozein motatako erasoak jasan dituzten emakumeen* alboan: guk sinisten zaituztegu", dio oharrak.
Hain justu ere, oraingo astean Arrasateko Garratz taldeak sare sozialetan zabaldu duen mezu baten aditzera eman du, "gertuko pertsona baten inguruan duten informazioa" tarteko, "lehen momentutik" erabaki dutela "pertsona horrekin zuten lotura oro apurtzea". Garratzek, mezuan gehitzen du "gertaerok irmoki" gaitzesten dituztela eta "erasotuei elkartasun osoa" adierazi nahi dietela.
The Potes taldeak ere, sare sozialen bidez, "taldekide baten jarrera eta ekintza matxistak gaitzesten" dituela adierazi du. Pertsona hori "taldetik kanpo dagoela" azpimarratu du, eta "elkartasun osoa eta sinisten dituztela" gaineratu du. Gainera euren "ibilbidean geldialdi bat egitea erabaki" dutela azaldu dute "geratzen diren taldekideek ez baitute egoera honetan aurrera egiteko indarrik".
Arrasateko Mugimendu Feministak azpimarratu du egoera horiek ez direla kasu isolatuak, "sistema zisheteropatriarkatuaren ondorio zuzenak" baizik. "Indarkeria matxistak hamaika aurpegi ditu eta aurpegi guztiak argitara atera behar dira: izendatu, izaera eman eta aurre egin", dio. "Egungo jarrera konplizeak alboratu eta bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko, benetako neurriak eta konpromisoak hartzea dagokigu guztioi. Bakoitzari dagokion lekutik, noski", gaineratu du.
Horregatik, elkarretaratzea deitu dute biharko, zapatua. Hala, Herriko Plazan elkartuko dira, 18;30ean. "Segi dezagun aliantzak eraikitzen, batu ditzagun indarrak herri eta jendarte feminista bat sortzera bidean", aldarrikatu dute.