Badator Goiaz, Debagoieneko Lanbide Heziketaren Azoka

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko mar. 26a, 17:36

Goiaz azoka, artxiboko irudi batean.

Mankomunitateko Garapen Agentziak antolatuta, apirilaren 1ean eta 2an egingo dute azokaren hamazazpigarren edizioa, Kulturateko klaustroan, bailarako lanbide heziketako ikastetxeen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Debagoieneko lanbide heziketako zazpi ikastetxeak ezagutzeko aukera izango da apirileko lehen egunetan Arrasaten, Lanbide Heziketako Azoka egingo baitute, Goiaz izenpean. Hain zuzen, han izango dira Aretxabaleta Lanbide Eskola, Arizmendi ikastola, Mariaren Lagundia, Miguel Altuna Lanbide Heziketa, Mondragon Goi Eskola Politeknikoa, Oñati Gestio Heziketa eta Oñati BHI. Era berean, informazio mahaiak jarriko dituzte Bastida Akademiak, IkasDebagoienak, Lanekik eta Debagoieneko Mankomunitateak.

08:30etik 14:30era egongo da zabalik azoka bi egunetan, baina apirilaren 1ean arratsaldez bisitatzeko aukera ere izango da, 16:00etatik 18:30era. Antolatzaileen hitzetan, ikasle, langabe eta prestakuntza bila dabilen edonorrendako dago zabalik.

Bi hitzaldi

Egun bakoitzean hitzaldi bana antolatu dute: lehena, Lanbide heziketa berria. Nik ere LH aukeratu dut izenpean egingo da, 18:30ean, eta gurasoei eta lanbide heziketa ikasteko interesa dutenei zuzenduta dago, lanbide heziketaren antolaketa, abantailak eta berrikuntzak azalduko baitituzte; bigarrena, Lan esperientziak akreditatzeko baliabideak izenpean egingo da apirilaren 2an, 12:00etan, eta "hitzaldi honetan pertsonek lanaren bitartez garatu dituzten konpetentziak akreditatzeko dauden baliabideak eta eman beharreko pausoak zeintzuk diren ezagutuko dituzte".

Kulturateko areto nagusian izango dira bi hitzaldiak, eta aurrez izena ematea komenigarria dela azaldu dute antolatzaileek: 943 79 30 90 edo debagoiena.goiaz@gmail.com.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak