Sexu indarkeriaren gaia lantzeko saioa egingo dute datorren astean, Emakume Txokoaren eskutik. "Sexu erasoen zenbait kasuk, salaketak tarteko, oihartzun publiko eta mediatiko handia eragin dute azkenaldian. Kasu horien atzean dagoen arazoaren konplexutasunak hausnarketa pausatua egitea eskatzen du eta gaiaren trataera egokia sustatzea, mediatikoa zein soziala", diote Emakume Txokoko kideek.
Hausnarketa hori errazteko bidea ireki gura du, hain zuzen, Idoia Arraizak gidatuko duen saioak. Ikertzailea eta ekintzaile feminista da Arraiza, Emagin elkarteko kidea. Halaber, Maite Barreña Arrasateko Udaleko Berdintasun teknikariak sexu erasoen gaian sakontzeko aukera emango duten galderak egingo dizkio Arraizari.
Solasaldiak sexu erasoen inguruan elikatzen den iruditeria soziala eta trataera agerian jarri nahi duela nabarmendu dute. "Zertaz ari gara sexu erasoez ari garenean? Orain arte, arreta jarri izan da, kalean gertatzen diren sexu erasoen bueltan, ezezagunek eragindakoa, jai girokoa… Baina, zer gertatzen da erasoak, gertuko espazioetan ematen direnean? Zer gertatzen da erasoen egileak boteredunak direnean? Zer gertatzen da eraso hauen inguruko isiltasuna apurtu eta salaketa publikoak aktibatzen direnean?".
Azkenik, diote, indarkeria matxistak isiltasuna blindatzen duela: "Izu sexuala, isiltasuna, inpunitatea, sinesgarritasun eta babes falta, berbiktimizazioa eta abar. Eraso sexualen salaketa publikoak sortutako erreakzioak biktimak seinalatu ditu, herri babesa eta sinesgarritasuna eman beharrean. Zeintzuk dira gakoak, tresnak, arazoari aurre egiteko ikuspegi feministatik? Zein galdera, eragiteko aukera eta erronka sortzen dira, zarata guztiaren erdian?", azpimarratu dute.