Uarkapen 22-15 irabazita, B serieko buruz buruko txapelketarako sailkatu da Ander Murua

Larraitz Zeberio Lekuona 2025ko mar. 23a, 18:46

Ander Murua, gaur, Uarkapen jokatutako norgehiagokan.

Norgehiagoka oso gogorra izan da; izan ere, ia amaierara arte oso berdinduta joan da. Murua izan da aurretik ia partida osoan, baina Unai Mata nafarrak ez du ia oparirik egin. Azken tantoetan erabaki da partida. 22-15 amaitu da.

Etxean jokatu du Muruak eta nabaritu egin da harmailetan. Lana, ordea, kantxan egiten da eta Ander Muruak izerdi asko botata lortu du gaurko garaipena.

Berdinduta joan da partida hasieran eta 6-6, 10-10, 11-11, eta 12-12 markatu ditu markagailuak. Arrasatearra joan da aurretik ia partida osoan baina gertuan zuen Mata. Hortik aurrera beste hiru tanto egin ditu nafarrak eta aldea hartzen joan da etxekoa. Amaieran zazpi tanto atera dizkio azken emaitza 22-15 izan baita. 52 minutuko iraupena izan du.

Murua "pozik"

Oso nekatuta, baina pozik amaitu du norgehiagoka Ander Muruak. "Nik lortu du 22ra iristea eta horrekin pozik", esan du amaieran. "Hasieran jokaldiak bukatzeko beldurrez ibili naiz eta erabat gogortu da partida. Amaiera hil ala bizi jokatu dut, eta asmatu dut".

Uarkapen ez du animo faltarik izan. "Herrian ez dut animo faltarik eta hori eskertzeko daukat, bai lagunei bai Udalari partidak Uarkapera ekartzeagatik", esan du.

Martitzenean Azkoitin

Gaurko emaitzarekin B serieko buruz buruko txapelketarako sailkatu da Ander Murua. Hala, martitzenean Azkoitiko Oteiza pilotalekuan egitekoa den aurkezpenean izango da.

Binakako partida

Bigarren norgehiagoka bat ere izan da gaur Uarkapen. Altunaren bajaren ondotik Jaka-Morgaetxebarria eta Elordi-Martija bikoteek jokatu dute binakakoa. Gorriek irabazi dute. Jaka-Morgaetxebarria bikotea 22-16 nagusitu da.

 

Erlazionatuak

Murua-Mata norgehiagokako argazkiak

Larraitz Zeberio Lekuona mar 23, 18:44 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak