Kanpanzar Arrasatek ondo hasi du partidua, lehenengo minutuak jokatzearekin batera markagailuak 14-0eko emaitza erakusten zuen –Jokin Dolara eta Manex Barrutiaren entseguei eta Portaloren transformazioari esker–. Ordu laurdena bete aurretik epaileak Urgozoren aldeko zigor entsegua adierazi du (14-7), baina lehenengo zatia amaitu bitartean etxekoek beste hiru entsegu egin dituzte –Solabarrieta, Dolara eta Barrutia–. Hori horrela, 35-7ko errentarekin hartu du aldageletarako bidea Kanpanzar Arrasatek eta neurri handian partidua erabakita utzi dute.
Bigarren zatian bizkaitarren erreakzio txiki bat etorri zen, baina ez arrasatearrak estuasunetan jartzeko nahikoa. Are gehiago, kanpotarrek hiru entsegu egin bazituzten, etxekoek beste bost egin zituzten.
'Play-off'-etan egotea helburu
Liga amaitzeko hiru jardunaldi geratzen dira, eta aurrealdeko postuetan sailkatzeko borroka estua dago. Elorrio txapelduna izango dela erabakita dago, baina beste lau plaza daude play-offetarako, eta horiengatik borrokan dabil talde arrasatearra. Bigarren postuan Uni Bilbo dago 57 punturekin eta, 55na puntura berdinduta, Bera Bera eta Getxo daude. Bosgarren sailkatu Baztanek 51 puntu ditu eta, bat gutxiagorekin, Kanpanzar Arrasate dago seigarrenean. Horrenbestez, hiru jardunaldi horiek jokatu arte ez dago ezer aurreratzerik. Zuri-moreek aurretik dituzten azken bi partiduak –azken jardunaldian atsedena dute– irabazi behar dituzte eta gainontzeko taldeen emaitzen zain egon.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!