Israelgo produktuei boikota egitera deitu dute Gazako sarraskiaren kontrako elkarretaratzean

Larraitz Zeberio Lekuona 2025ko mar. 22a, 16:07

Elkarretaratzea, gaur eguerdian, Arrasateko Plazan.

Israel genozida, Palestina aurrera zioen pankarta zabaldu dute BDZ ekimeneko lagunek, gaur eguerdian, Arrasateko Plazan. Estatu sionistaren azken erasoak salatu eta Israelgo produktuei boikota egiteko dei egin dute. Hainbat herritar batu dira Palestinaren aldeko elkartasun ekintzara.

BDZ –Boikota, Desinbertsioa eta Zigorra– ekimeneko kideek hainbat salaketa egin dituzte gaurko elkarretaratzean. "Gure pantailak, ostera ere, sufrimendu eta sarraski irudiz bete dira. Israelek su-etena amaitutzat eman ostean, gau bakarrean 400 pertsona baino gehiago akabatu ditu. Martitzeneko erasoa azken hilabeteetako odoltsuena izan da. Gainera, Netanyahuk argi esan du hau hasiera besterik ez dela, eta genozidioarekin jarraituko duela erresistentziarekin bukatu arte. Hau da: Israelek garbiketa etniko osoa aurrera eraman gura du".

Salatu dute, baita ere, nazioarteko diplomaziak duen jarrera: "Sarri ikusi dugu munduko gobernu gehienen jarrera zein izaten den –Europa barne–; izugarri kezkatuta agertzen dira beste leku batzuetan gertatzen diren giza-eskubideen urraketekin, baina genozidio honi bizkarra ematen diote".

"Has gaitezen etxetik"

Egoera larri horren aurrean zera proposatu dute: sentsibilizazioan eragiteko manifestazioak eta elkarretaratzea egiten jarraitzea, eta estatu sionistari kalte egiteko Israelgo produktu guztiei boikota egitea. "Kanpaina hau inspiratuta dago Hego Afrikako Apartheid erregimena nazioartean isolatzeko luzaroan martxan egon zen kanpainan (...) 173 erakunde palestinarrek eta mundu osoko erakunde ugarik bultzatzen dute BDZ kanpaina. Gero eta eraginkorragoa izaten ari da, eta, zalantza barik, Palestinako herriaren okupazioa eta zapalkuntza amaitzeko ekimen handiena eta errealistena da", esan dute.

Gehitu dute Arrasaten ere hainbat lorpen garrantzitsu izan dituela boikot kanpainak: "Musakolako Eroskik, Alcampok eta Doublasek  jatorria Israelen duten produktuak kentzeko erabakia hartu dute. Lidl eta BMen gauza bera lortu guran gabiltza, eta horretarako blokeoak, manifestazioak eta presioa egiten ari gara, behingoz kendu ditzaten produktu israeldarrak euren apaletatik; izan ere, produktu horiek legez kanpoko kolonia sionistetan egindakoak dira (...) Kontsumitzaileen boikot herrikoiari inportantzia berezia ematen diogu. (...) Estatu sionistaren nazioarteko isolamendua da Palestinako herriarekin egin dezakegun elkartasunik eraginkorrena".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak