Khea Ziater antzerki konpainiak Scrooge eta mamuak film eszenikoa taularatuko du gaur, zapatua, Amaia antzokian, 17:00etan hasita. Sarrerak salgai daude dagoeneko amaiaarrasate.janto.es atarian, zazpi euroren truke.
Aurten estreinatu dute lana, eta euren ohiko erregistrotik irtetea erabaki dute, haurrentzat sortzen duten lehen film eszenikoa da eta. Hala ere, Alex Gerediaga zuzendariak azaldu duenez, oso pozik daude orain arte izandako harrerarekin: "Ardura genuen, haurrendako egiten dugun lehen lana delako, baina, egia esan, oso pozik gaude izan duen harrerarekin".
Klasiko zaharra, berrituta
Lan berria izan arren, istorioaren oinarri gisa literaturaren klasiko bat hartu dute; zehazki, Charles Dickens idazle ingelesaren Eguberri kanta izeneko eleberria. "Haurrendako antzez- lan bat egingo genuela erabaki genuenean, hasieratik buruan nuen istorioa", dio Gerediagak.
Oinarri gisa Dickensen eleberria hartu arren, egokitzapenak egin dizkiote, gaur egungo moldeetara ekartzeko: "Konturatu nintzen lana eguneratu egin behar genuela, bertsio librea egin". Aldaketa horietan nabarmenena jatorrizko istorioaren Gabonetako kutsua alde batera utzi eta bestelako ikuspuntu bat ematea izan da, zuzendariaren arabera: "Gabonei buruz hitz egin baino gehiago, erabaki genuen Scroogek maitasunean ez sinestea zela aproposena. Nire ustez, gaur egun garrantzitsuagoa da maitasunean sinestea Gabonetan sinestea baino".
Haurrei bideratutako lana izan arren, helduentzat ere irakaspen garrantzitsuak dituela nabarmendu du Gerediagak: "Argi dago... begiratu zelako garaia bizi dugun. Scrooge pila bat dago munduan, dirua eta arrakasta gainontzekoaren gainetik jartzen duten pertsonak. Konturatu behar dugu bestea maitatu eta zaintzea zoriontasuna lortzeko beharrezkoa dela".
Antzerki hutsa baino gehiago
Konpainiaren hastapenetatik antzerkia kode zinematografikoekin uztartzeagatik da ezagun Khea Ziater. Scrooge eta mamuak ez da salbuespena izan, eta kasu horretan ere bi erregistroak bateraturik agertzen dira: "Guk badugu lan egiteko modu bat, eta hori haurrendako antzerkira eraman nahi genuen".
Alde horretatik, berrikuntzak ere prestatu dituzte, eta orain arte probatu gabe zituzten metodoak txertatu: "Orain artekoa mantendu egin dugu, eta, gainera, beste teknika batzuk erabili ditugu; chromak, adibidez. Oso dibertigarria izan da chromarekin grabatzea". Horrek zailtasunak ere ekarri dizkiela aitortu du zuzendariak: "Nahikoa nahaspila izan da momentu batzuetan, era askotako grabaketak egin behar izan ditugulako".
Beste berrikuntzetako bat, antzerkia eta zinema uztartzeaz gain, panpinen erabilera ere batzea izan da. Haurrendako antzerkia izanik, mamuak irudikatzeko modu aproposa iruditu zitzaion: "Oso argi nuen istorio hori kontatzeko panpinak erabili nahi nituela, haurrekin konektatzea asko erraztuko zigulako eta estimulu gehiago sortuko zizkietelako".
Khea Ziaterrek film eszeniko batean panpinak erabiltzen di- tuzten lehen aldia da, eta, ideia garbi izan arren, hori kudeatze- ko profesionalengana jo dutela dio Gerediagak: "La enana naranja konpainiako Iker Gartzia eta Jabi Tiradorekin jarri ginen harremanetan, eta horrek asko erraztu digu lana. Erronka bat izan da, nik ez ditut teknika horiek kontrolatzen, nahiz eta banituen zenbait erreferente bisual; tartean, Sesame Street eta The Muppets".