"Palestinarren alde kaleak hartzeko unea da", aldarrikatu du Kontseilu Sozialistak

Xabier Urtzelai 2025ko mar. 21a, 19:59

Gaurko elkarretaratzeko une bat, plazan.

Gaur, egubakoitza, arratsaldean Debagoieneko Kontseilu Sozialistak deituta elkarretaratzea egin dute Arrasateko Erdiko plazan. Israel estatu terrorista, Palestina askatu! lelopean Israelek azken egunotan eragindako hilketak salatu dituzte.

Joan berri den astean Israelek gogor zigortu ditu palestinarrak, eta su-eten aldebakarraren ondoren egindako borbardaketek hildako asko eragin ditu Palestinan. Hala, gertaera horiek salatzeko batu dira gaur arratsaldean, Kontseilu Sozialistak deituta, Arrasateko Erdiko plazan. "Astearte goizaldean 400 palestinar baino gehiago erail zituen estatu sionistak Gazan, ospitaleen, etxebizitzen, eta kanpalekuen aurka egindako bonbardaketan. Horren ondotik, militarrek Gaza iparraldea eta hegoaldea lotzen dituen korridore nagusia okupatu dute, eta gobernu sionistak beste ofentsiba bat iragarri du. Israelek urtarrilean palestinar erresistentziarekin sinatu zuen su-etena behin eta berriro urratu duen arren –besteak beste, dozenaka palestinar erailda, ur eta argi hornidurak moztuta edota laguntza humanitarioa blokeatuta– Ramadan hilabetean egindako azken eraso honek berriz ere agerian utzi du Israelen izaera terrorista. Estatu supremazista honek ez du akordiorik nahi, eta palestinar herriaren aurkako genozidioarekin aurrera jarraitzeko asmoa du", salatu dute elkarretaratzean. 

"Europar Batasunaren interesak Israelekin lerrokatuta"

Hala, Europar Batasuna Israelek dituen interesekin lerrokatuta dagoela ere gaineratu dute. "Herrialde batzuek Israelen defentsarako eskubidearen izenean genozidio hau justifikatzen duten bitartean, beste batzuek, Espainiako Gobernuak kasu, Palestinaren aldeko mezu hipokritak zabaltzen dituzte sarraskia gelditzeko inolako neurri efektiborik hartu gabe. Herrialde batzuk zein besteak Israelekin harreman diplomatiko, ekonomiko eta militarrak izaten jarraitzen dute; eta guztiek ahalbidetzen dute palestinarren aurkako genozidioa. Europako industria militarra indartzeaz horrenbeste hitz egiten den garaiotan, gogoratu behar dugu Europar Batasuna dela arma esportatzaile nagusietako bat Israelentzat".

Amaitzeko, gaineratu dute gaur egun su-etena soluzio gisa aldarrikatzea ez dela irtenbide bat, "Israelek behin eta berriro frogatu duenean ez duela inolako akordiorik errespetatuko". Eta, adierazi dute Palestinaren askatasuna estatu sionistaren desagerpenaren eskutik baino ezingo dela etorri. "Norabide horretan aurrera egiteko, hainbat eginkizun aldarrikatzen ditugu. Batetik, palestinarren erresistentzia eskubidea babestea inolako ekidistantziarik gabe. Bestetik, mendebaldeko enpresen, instituzioen eta alderdi politikoen konplizitareari aurre egitea Israelekin harremanak eten ditzaten. Azkenik, nazioartean kapitalismoari eta gerrate inperialistei aurka egingo dien langileon indar iraultzaile bat antolatzen hastea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak