Gaur jokatu du MUk Ulaciaren aurka, 18:30etan hasita. Abantaila izan dute arrasatearrek; etxean jokatu baitute, Iturripeko kiroldegian. Hala ere, lehenengo zatia ez dute samurra izan; lehenengo laurdena bukatzerakoan 20 puntu aurretik zihoan Ulacia. Zarautzek gogor estutu du MU hasiera-hasieratik, intentsitate handiarekin hasi delako defentsan. Debagoieneko taldeak ez du horren indartsu erantzun, eta atzean geratu da.
Sentsazio txarrarekin bukatu du MUk lehenengo zati hori, baina, hala ere, ez du amore eman. Kementsu heldu dio bigarren zatiari, baita ondo heldu ere: buelta eman dio partiduari, eta hurrengo deskantsura bost puntu aurretik joan da MU.
Lehiak gogor jarraitu du azken momentura arte; berdindu egin dira markagailuak bukatzeko minutu batzuk falta zirela, eta azken puntu bat irabazi dio MUk minutu gutxi falta zirela. Zarautzeko taldeak izan du hirukoa botatzeko aukera azken minutuan. Huts egin du, eta MUk eraman du garaipena. 72-71 geratu da markagailua txirrinak jo duenean.