Errastiko Eskolak eskuratu du Landaola Saria

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko mar. 14a, 15:42

Xabi Abasolo eta Naiara Uriarte, Errasti Eskolako kideak, gaurko sari banaketan. Irudia: Landaola.

Landaola Fundazioak antolatuta, Gipuzkoako landa-proiektuak aitortzeko asmoz, zortzigarren edizioa izan du sariketak, eta Arrasatera joan da sarietako bat.

Landaola Sariak banatu dituzte gaur, martxoak 14, Zumarragan, eta Bedoñako Errastiko Eskolak eskuratu du Erakunde Pribatuaren alorrekoa. Naiara Uriarte eta Xabi Abasolo dira proiektuaren atzean dauden herritarrak, eta lehen sektorea zein landa eremua ezagutzea eta sustatzea helburu duen hezkuntza-proiektua abiatu zuten iazko irailean. Nabarmendu dutenez, "ikasleek naturarekin harreman zuzena" izanik, jasangarritasuna eta bioaniztasuna lantzen dituzte, besteak beste, "modu praktiko eta ludikoan". Euren jarduera nagusietako bat, hala ere, Errastiko okindegia da, ogi eta gozo ekologikoak egiten baitituzte.

Oñatiko Udala ere Landaola Saria eskuratzeko hautagaien artean zegoen, Erakunde Publikoaren alorrean, herriko erreken, basoen, mendien, etxeen eta hainbat tokiren izenak biltzen dituen mapa interaktibo digitalarengatik. Hala ere, azkenean, ez du saririk eskuratu, Legazpiko Udalarendako izan baita. Horrez gain, Josebe Lizeaga Lujanbiok eskuratu du Emakumeak Landa Eremuan Saria eta Manuel Odria Ibargurenek, berriz, Urteetako Ibilbideari Saria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak