EAEko kolektibitateen sektorerako hitzarmen propioa eskatzeko mobilizazioa egin dute Ausolan aurrean

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko mar. 11a, 13:00

Gaur goizean Ausolan enpresaren aurrean egin duten mobilizazioa.

ELA, LAB eta UGT sindikatuek deitu duten lehen elkarretaratzea izan da gaur goizekoa. Sektoreko enpresei exijitu diete "behingoz eser daitezela alde sozialarekin, EAEko langileentzako kolektibitateen hitzarmen kolektibo baterako negoziazio mahaia eratzeko".

EAEko kolektibitateetako langileentzat hitzarmen propioa lortzeko negoziazio mahaia osatzeko eskatu dute gaur goizean Arrasateko Ausolan enpresaren aurrean ELA, LAB eta UGT sindikatuek deituta egin duten elkarretaratzean. Adierazi dute duela gutxira arte, enpresek argudio juridikoak erabili dituztela mahaia ez eratzeko. "Jada ezin dituzte argudio horiek erabili, borondatea besterik ez da", azpimarratu dute.

Hiru sindikatuek gaineratu dute, lan egingo dutela hitzarmen autonomiko bat lortu arte, eta ez dutela onartuko patronalek eta haiek elkartekideek (Ausolan, Gasca, Baska, Tamar, Sodexo, Eurest, Mediterranea, Serunion eta Aramark, besteak beste) kolektibitateen sektoreko langileen baldintzak prekarizatzen jarraitzea: "Oso argi dugu EAEko sektoreko langileen lan-baldintzak hobetu nahi ditugula, eta horretarako, hitzarmen propioa behar dugula, eta guk hemen erabaki nahi ditugulako gure lan-baldintzak".

Mobilizazioaren amaieran aurreratu dute, mahaia deituta daukatela martxoaren 19rako. Horregatik, beste elkarretaratze bat egingo dute 10:00etatik 10:30era bitartean, Bilboko Lan Harreman Kontseiluaren aurrean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak