Eguazten arratsaldea da, bi egun baino ez dira geratzen egubakoitzeko boxeo jaialdirako, eta Aitzol Ovejero (2008) eta Manex Bengoa (2003) arrasatearrak Ixa Rodriguez entrenatzaile eta jaialdiko antolatzailearekin azken detaileei buruz ari dira berbetan. Poliki-poliki jendea Erguingo gimnasiora bertaratzen ari da, entrenamendu eguna dute eta. "Borrokaldiak ze ordutan izango dituzten ari gara komentatzen", dio Rodriguezek. Oraingoz, lasai daude protagonistak, nahiz eta eguna gerturatu ahala badakiten sabela estutzen joango zaiela. Egubakoitzean 19:30ean izango dute pisaketa, Iluntz tabernan, eta jaialdia 21:30ean hasiko dute. Hamabi borrokaldi izango dira guztira –sarrerak, Uarkapeko leihatilan, 25 eurotan–.
Urduri borrokaldirako?
Aitzol Ovejero: Bai, apur bat bai, ez dugu gezurrik esango.
Manex Bengoa: Bai; eguna gerturatzen dabilen neurrian, urduritasuna ere gehiago sumatzen dugu. Baina gogotsu gaude. Ea egubakoitza lehenbailehen iristen den.
Zelan iritsi zarete boxeora?
A.O.: Gaztetan Lekeition jokatzen nuen futbolean [han jaiotakoa da], eta lagun baten bitartez hasi nintzen boxeoan, eta, behin hasita, kontaktuzko kirolak jarraitzen hasi nintzen. Sorabox taldean oso gustura dihardut, boxeoak erlaxatzen laguntzen dit, eta, aldi berean, indartsu sentiarazten nau. Boxeoarekin maiteminduta nagoela esango nuke.
M.B.: Ni, berriz, gaztetan pilotan eta futbolean ibilitakoa naiz, baina, aspertzen hasita nengoelako edo, duela hiru urte inguru boxeoan hasi nintzen, eta iaz erabaki nuen ringera igo nahi nuela, borrokaldi bat egin nahi nuela. Azken hilabeteak horretarako prestatzen ibili gara.
Zer eskatzen diozue egubakoitzeko borrokaldiari?
A.O.: Ehuneko ehuna eman nahiko nuke; emaitza dena delakoa izanda ere, egindako lanarekin pozik geratzea. Ringean saiatuko naiz burua hotz mantentzen, eta gogoan izango dut zergatik nagoen han, baita etxekoak eta lagunak harmailetan ditudala animatzen ere.
M.B.: Helburu nagusia da urte hauetan ikasitakoa borrokaldian erakutsi ahal izatea. Entrenatzailearen aginduei kasu egiten saiatuko naiz; ez dakit posible izango den, baina, behintzat, saiatuko naiz [Barre].
Etxean egingo duzue boxeolari moduan debuta; opari ederra da hori, baina arriskutsua ere izan daiteke...
A.O.: Bai, presio handia izango dugulako. Baina, nire ustez, gauza oso positiboa da, pozik nago etxekoak ondoan izango ditudalako eta boxeorako balio dudan edo ez erakutsi ahal izango dudalako.
M.B.: Urduritasuna bikoiztu egiten da etxean debutatzen denean, baina, neurri berean, motibazioa eta poztasuna ere bikoiztu egiten da.
Zer dakizue ringean aurrean izango dituzuen kontrarioen gainean? Asko erreparatzen diozue horri ala zuen lana egitea da lehentasuna?
A.O.: Norberak borrokaldi ahalik eta onena egitea du helburu, baina garrantzitsua da kontrarioa apur bat ezagutzea, zer egin behar duzun jakitea. Ibili naiz apur bat begira, eta badakit zer egin behar dudan.
M.B.: Nik ez daukat erreferentzia handirik, ni baino nagusiagoa da [27 urte] eta badakit pare bat borrokaldi egin dituela.
MANEX BENGOA: "HIRU MINUTUKO HIRU ROUND LUZE EGIN DAITEZKE; BEREZIKI, BURUARENDAKO"
Borrokalari amateurrak zarete; zein pisutan lehiatuko zarete?
A.O.: 63,5 kilokoetan lehiatuko naiz ni.
M.B.: Ni, berriz, 64 kilokoetan.
Eta, egunotan gosea pasatzen ari zarete?
A.O.: Ez; egia esan, nahi dudan guztia jaten ari naiz [Barre]. M.B.: Azken bi hilabeteotan joan gara poliki-poliki pisua galtzen, modu progresiboan egin dugu, eta, alde horretatik, lasai gaude. Gainera, pisaketatik borrokaldira pare bat ordu baino ez daude, ez genuke tarte handirik izango pisu-errebotea ondo egiteko, denbora horretan pisu asko errekuperatzeko.
Zelan aurreikusten duzue egubakoitzeko eguna?
M.B.: Eguena eta egubakoitza jai hartu ditut lanean, borrokaldira begira deskantsatuta egoteko. JMAn egiten dut lan, eta badakit lankideak ere joango direla borrokaldia ikustera.
A.O.: Ni FP ikasketak egiten nabil, Aretxabaletan, eta saiatuko naiz egubakoitzean ahalik eta lo gehien egiten. Eta ondoren, eguna ahalik eta lasaien igarotzea izango da helburua, gauean fresko egoteko.
Astelehen gogorra aurreikusten duzue?
A.O.: Zapatua eta domeka izango ditut atseden hartzeko, eta, gainera, borrokaldiaren ostean hanburgesa on bat jatera joango naiz; horrenbestez... [Barre].
AITZOL OVEJERO: "BORROKALDIAREN EMAITZA EDOZEIN DELA ERE, EZ DUGU AMORE EMATEKO ASMORIK"
Zeren arabera erabakiko duzue borrokaldi gehiagotan parte hartzea?
A.O.: Nik badakit borrokaldia edozein dela ere ez dudala amorerik emango; boxeoan borrokatzen jarraitzeko asmoa daukat.
M.B.: Lehenengo borrokaldi hori esperientzia bizi izateko egingo dut; ez daukat, oraingoz, galdera horrendako erantzunik. Imajinatzen dut borrokaldi ostean errazago erantzungo dizudala: zelan sentitu naizen, gozatu dudan edo ez... Ikusteko dago hori guztia.
Hiru minutuko hiru round izango dituzue...
A.O.: Bederatzi minutu dira guztira; badirudi gutxi dela, baina...
M.B.: Hankendako, ukabilendako eta, bereziki, buruarendako asko izan daitezke, bai.