Arrasateko PSE-EEk Polmetasako lursaila trukatzea proposatu du, "Eusko Jaurlaritzarekin duen zorra kentzeko" eta udalerrian etxebizitza babestu gehiago eraikitzeko. "Horrela, Udalak aurreko legealdian Eusko Jaurlaritzarekin izandako 1,3 milioi euroko zorra kenduko luke, Eusko Jaurlaritzak ospitaletik gertu dagoen lursail bat deskutsatu eta babes ofizialeko etxebizitzak eraiki dituelako".
Udal Talde Sozialista Denis Itxaso Etxebizitza sailburu sozialistarekin bildu da, eta joan den azaroan Polmetasako lursailaren salmenta desblokeatzeko planteatu zuten "irtenbide berritzailea" helarazi diote Aritz Murua eta Johanna Sanchez zinegotziek. "Lursail hori enkantean jarri zen joan den legealdian, 1,7 milioi euroko balioarekin, baina hutsik geratu zen", diote.
Arrasaten etxebizitza eraikitzeko "aukera paregabea" dagoela uste dute. "Herritar guztientzat etxebizitza duina izateko eskubidea bermatzeko konpromisoa dugu. Uuste dugu funtsezkoa dela alokairu publikoaren aldeko apustua areagotzea; izan ere, funtsezko tresna da pertsona guztiek, dituzten baliabideak edozein direla ere, etxe bat eskuratzeko aukera izan dezaten" adierazi dute.
Bestalde, Denis Itxaso sailburuak azaldu zuenez, trukea egin ahal izateko, "ezinbestekoa" da Arrasate tentsio handiko bizitegi-eremu izendatzea. "Izapide hori beharrezko baldintza da dagozkion neurriak aktibatzeko. Zorionez, Arrasateko Udalak laster hasiko du horretarako prozesua", nabarmendu du.