Hain zuzen, atzo bete ziren bost urte Pilar Ansoategi hil zenetik, eta data horrekin batera eman diote amaiera erakusketari. Militante feminista, Liga Komunista Iraultzaileko (LKI) kidea zein internazionalista izan zen Ansoategi, eta harekin militantzian ibilitakoek zein lagun eta hurbilekoek Ansoategi omendu gura izan dute; haren ilobak gidatu zuen ekitaldia. Juan Ramon Garai Intxorta 1937ko kideak hasi zuen hitzartzea, Ansoategik Makatzena auzoan egindako lana azpimarratuz.
Harekin Komite Internazionalistetan ibilitako bi kidek ere hartu zuten hitza, eta haren lagun taldeko kideek poesia ere errezitatu zuten bere omenez. Azkenik, bi kantu eskaini dizkiote Portaloi abesbatzako kideek, eta mokadu batzuekin bukatu dute saioa.