Debagoieneko enpresa sektore askotariko elkarteak, Bailarak, enpresen nazioartekotzea bideratzea izan du gaurkoan oinarri Arrasateko LKS eraikinean, hortaz aritzeko jardunaldiak antolatu baititu gaur arratsaldean. Sektore bakoitzean liderrak diren erakunde eta enpresek "gauzak nola egiten dituzten jakitea" izan da asmoetako bat, eta, horretarako, hiru hizlari izan dira gonbidatuak: Gorka Goikoetxea, Gipuzkoako Ganberako Nazioartekotze Saileko arduraduna; Aitor Ayastui, Ulma Constructioneko gerentea; eta Gonzalo Gabarain, ABC Compressors-eko Nazioarteko Salmenten eta Marketineko arduraduna.
Bailara elkarteak hogei bazkide inguru ditu, enpresa txiki eta ertainak, eta "konpainien arteko ezagutzaren eta esperientziaren trukea" du helburuetako bat. Gaurkoan, nazioartekotzeari heltzeko hautua egin dute, bailarako "industria eta zerbitzuen ehuna dinamizatzeko eta indartzeko" esparru hori "beharrezkoa" dela iritzita, "gaur egungo merkatuan ahalik eta abantaila gehien izateko".