Musakolatik edonora, Reala animatzeko asmoz

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko ots. 28a, 13:30

Musakola Txuri-Urdin lagunarteko zuzendaritzako kideak. (Argazkiak: Musakola Txuri-Urdin).

Musakola Txuri-Urdin lagunartea sortu dute, hain zuzen, hango realzaleak elkartzeko helburuarekin; "Garbi geneukan ez genuela jokalari bati lotutako lagunartea izan gura, Musakolari lotutakoa baizik", adierazi du lagunarteko presidente Igor Egidonek.

Dagoeneko 80 bat kide ditu iaz sortu zuten Musakola Txuri-Urdin lagunarteak. Hango realzaleak elkartzeko helburuarekin sortu zuten, nahiz eta musakolarrak ez diren batzuk ere badauden taldean.

Igor Egidon presidenteak azaldu duenez, lagunarteko kide izateko, realzalea izatea eta lanerako borondatea izatea dira gutxieneko baldintzak. Hori dela eta, ateak zabalik dituzten arren, "kide konprometituak" behar dituztela azpimarratu dute: "Gure lehentasuna ez da kide kopuru handia izatea, baizik eta kide konprometituak eta lanerako gogoz daudenak edukitzea. Izan ere, badago jendea sarrerak eskuratzeko bakarrik egoten dena lagunartean; hori ez dugu nahi".

Lauzpabost hilabete besterik ez du lagunarteak. "Izapide burokratikoekin nahiko lan izan ostean, iazko urrian sortu genuen ofizialki", dio Egidonek. Behin ofizialtasuna lortuta, partiduetarako sarrerak eskuratzeko aukera daukatela aitortu du presidenteak: "Izan ere, Realak sarrerak ematen ditu lagunarteendako. Egia da batzuetan oso gutxi izaten direla, baina horiekin konformatu behar izaten dugu".

Realaren atzetik, bidea egiten

Hasiberriak badira ere, ez dira geldi egon orain arte, eta dagoeneko irteera batzuk egin dituzte Realaren atzetik. Hala, Vigon, Bilbon, Iruñean eta Txekiar Errepublikan egon dira, eta "esperientzia ederrak" bizi izan dituzte. Hain zuzen, talde txikietan joan izan dira; laukoak edo seikoak, asko jota. "Lanagatik, askok ezin dute. Beste batzuk, auzotarrak izan arren, Arrasatetik kanpo bizi dira, eta horrek ere zaildu egiten du logistika. Hala ere, saiatzen gara halako bidaiak antolatzen", azpimarratu du Egidonek. "Beti bandera eramaten dugu eta gure lagunarteari ikusgarritasuna ematen saiatzen gara, jendeak ezagutu gaitzan", gaineratu du.

Abenduan Vigora egin zuten bidaia

Abenduan Vigon izan ziren, Celtaren aurkako partiduan. "Oso gustura egon ginen galiziarrekin eta asteburu bikaina pasa genuen". Lana dela eta, Egidonek dioenez, askok ezin izaten dute bidaietan parte hartu, baina ondo moldatzen dira talde txikietan.

Irteera gehiago ere badituzte buruan. "Errege Kopan, Real Madrilen aurka jokatu du Anoetan asteon [0-1], eta, agian, itzulerako partidua ikustera joango gara Bernabeura, nahiz eta ez dakigun zenbat sarrera egongo diren. Horrez gain, Gasteizera joango gara, Alavesen aurkakoa ikustera, eta Vallecasera ere, agian, bai. Azkenik, Manchesterrera joateko aukera ere hor dago, baina ikusiko dugu".

Aurkezpena, udaberrian

Materiala lortzen ere ari dira apurka-apurka. "Banderak baditugu dagoeneko eta zain gaude kamisetak eta bufandak noiz iritsiko. Eskatuta ditugu", dio Egidonek. Guztia prest daukatenean, inaugurazio bat egitekotan dira, baina oraindik ez dute askorik aurreratu gura izan. "Seguruenik, udaberrian izango da, baina gauza asko ditugu lotzeko oraindik. Izan ere, gurako genuke Realeko jokalariren bat ekitaldi horretan izatea, eta badakigu hori ez dela erraza izango". Alde ekonomikoaz galdetuta, zera erantzun du: "Oraingoz, kutxa moduko bat jarri dugu, kide bakoitzak 15 euro, materiala erosteko. Aurrera begira, ikusiko dugu kuota bat ezarri edo ez; gehiengoak erabakitzen duena".

Aktiboak izatea da helburua

Aktiboak izan nahi dute: "Iruditzen zaigu lagunarte asko daudela, baina batzuk lokartuta moduan geratzen direla. Guk ez dugu hori nahi. Asmoa da gauzak egitea eta aktiboak izatea". Halaber, emakumeak eta gazteak erakarri gura dituzte. "Zuzendaritzan emakumezkoak izan gura ditugu, eta gazteak taldean izatea ere funtsezkoa da, etorkizuna haiena baita".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak