Etxebizitzaren auziaz jarduteko asanblada egingo du LABek

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko ots. 27a, 14:59

Etxebizitza bloke bat, Arrasaten. Irudia: Goiena.

Sindikatuaren hitzetan, ohar bidez adierazi duenez, "modu zuzenean" arituko da hemendik aurrera etxebizitzaren gatazkan, "afiliatuak antolatuz eta borrokarako bitartekoak eskainiz". Horren berri emateko lehen hitzordua martxoaren 13an egingo du, Irati Topagunean, 18:30ean.

LAB sindikatuko afiliatuek "etxebizitzarekin dituzten arazoak borrokatzeko aukera" izango dute aurrerantzean, etxebizitzaren auzia landuko duela jakinarazi baitu: "Lantokietan nola, etxebizitzaren eremuan ere ekintza sindikalaren bidez patronalari aurre egingo diogu. Etxebizitza larrialdia euskal langileok pobretzeko lehen mailako arazoa da, eta ezer egin ezean egoerak okerrera egingo du". Hala, deia luzatu du etxebizitza patronalari "kontrabotere sindikalismoaren bidez aurre egiteko", hortaz aritzeko Arrasaten egingo duten asanbladaren berri ematearekin batera.

Sindikatuaren arabera, "gobernuek etxebizitza politikak negozioa handitzera bideratu dituzte", eta egun larrialdi egoeran dago: "Merkatuaren esku utzita, etxebizitza eskuratzeko ezintasuna biderkatu egin da, prezioak etengabe igo dira, eta gero eta langile sektore gehiago pobretzeko arrazoi bilakatu da". Azaldu duenez, beharginak "aberastasuna modu justuan birbanatzeko" soldata igoeren aldeko borroketan daude murgilduta, "baina, aldi berean, soldataren gero eta zati handiagoa etxebizitzaren gastuek jaten" dute: "Inoizko enpresa etekin handienen berri izaten ari gara, eta lantokietan sortzen dugun aberastasuna ekintza sindikalaren bidez borrokatzen dugu; hala ere, lortutako soldata igoera etxebizitza gastu geroz eta handiagoek apaltzen dute". Bada, LABek horregatik jotzen du "behar-beharrezkotzat" sindikalismoa etxebizitzaren eremura ere eramatea: "Kapitalari lantokietan bezala, bizi baldintzak hobetzeko borrona fronte guztietan egiteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak