Debagoieneko enpresen sektore askotariko elkarteak, Bailarak, nazioartekotzeari buruzko topaketa bat egingo du otsailaren 27an, Arrasateko LKS eraikinean, arratsaldeko lauretan. Izan ere, elkarteak adierazi du eskualdeko industria- eta zerbitzu-sarea "dinamizatzeko eta bultzatzeko" beharrezkoa dela nazioartekotzearen esparrua, "egungo merkatuan abantaila gehiagorekin" lehiatzeko.
Ekimenaren helburua da, besteak beste, sektore bakoitzean liderrak diren erakunde eta enpresek "nola egiten duten jakitea". Horretarako, nazioartekotzea bideratzeko erronkei eta aukerei buruz arituko dira Gipuzkoako Ganberako Nazioartekotze Saileko arduradun Gorka Goikoetxea, Ulma Constructioneko gerente Aitor Ayastuy eta ABC Compressors-eko Nazioarteko Salmenten eta Marketineko arduradun Gonzalo Gabarain.
Hainbat esperientziaren trukea eta jakintza beharrezkoa dela diote antolatzaileek. Parte hartzeko, irati@bailara.eus-era idatzita eman daiteke izena.