Kooltur Ostegunak ekimeneko otsaileko kontzertuetako azkenak izango du tokia datorren eguenean Arrasateko gaztetxean; izan ere, Zarauzko Eraso! rock taldeak atzo jotako kontzertuaren ostean, Micky & The Buzz taldearen txanda izango da otsailaren 27an, 22:00etan hasita, Arrasateko gaztetxean. Sarrerak egunean bertan erosi ahalko dira, 7 eurotan. Rock estiloan murgiltzen den taldea da eta Carlos Beltran –gitarra-jotzailea–, Pedro Larrauri –kontrabaxu-jotzailea–, Blacky David –bateria-jotzailea– eta Ivan Santa Barbara –saxofoi-jotzailea– bilbotarrek eta Micky Paiano – abeslaria– italiarrak osatzen dute taldea. 2024. urtearen bukaeran argitaratu zuten lau abestiz osatutako lan labur berria, eta Arrasateko gaztetxeko oholtza gainera igoko dira hura defendatzera.