'Zinema berrikusten' saioarekin hasiko du ekainera arteko ekintza sorta Emakume Txokoak

Julen Murua Mesonero 2025ko ots. 19a, 15:20

Emakume Txokoak otsailean hasi eta ekainera arte antolatu duen egitarauko lehenengo ekimena da Zinema berrikusten zine saioa; emanaldia Kulturateko Areto Nagusian izango da, otsailaren 26an, asteazkenean, 18:30ean. 

Emakumeen txokotik adierazi dute ekimenen helburua dela "emakume sortzaileei leku bat eskaintzea"; horregatik, Mirentxu Loyarte zinema zuzendari iruindarraren bi film labur aukeratu dituzte: Irrintzi eta Euskal emakumeak lanak, hain justu, eta solasaldia gidatzeko ardura izango du Arantza Santesteban historialariak. Kultur arloko langilea, ikerlaria eta zinegilea da Santesteban, eta Emakumeen Txokotik adierazi dute "zinegileen genealogia feminista ariketa bat egin eta Mirentxu Loyarteren lana ezagutzeko eta berrikusteko aukera" egongo dela zine saioan, iruindarraren eskutik. "Luxu bat da Santesteban gurean izatea, eta haren begirada, ezagutza eta egin ditzazkeen hausnarketak aprobetxatuko ditugu Mirentxu Loyarteren lanera hurbiltzeko, zineaz aritzeko eta gozatzeko", gaineratu dute.

Sarrera doakoa

Film laburrak ikusteko eta solasaldira bertaratzeko ez da sarrerarik ordaindu beharko. Emakumeen Txokotik diote "herritarrek ikuspegi feminista batetik hausnartzeko" antolatzen dituztela halako ekimenak, eta hortaz, "arrasatearrei emanaldira gerturatzeko gonbita" luzatu die.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak