Joan den ikasturtean ekin zioten Bizitza Betea proiektuari, Debagoieneko adinekoen eragileak aztertzeko abiatutako ekimenetik. Proiektu hartan Helduak Adik, Bizipozek eta Arizmendi Ikastolako Lanbide Heziketak parte hartu zuten elkarlanean. "Bailarako adinekoen eragileen mapa bat sortu genuen eta, bide batez, haien nahiak, premiak eta elkarlanerako interesak identifikatu genituen", adierazi dute Ikastolatik.
Proiektuak hiru zutabe nagusi ditu, Arizmendi Ikastolako kideen esanetan: "Bizitza betearen ikuspegia, belaunaldiartekotasuna eta Ikaskuntza Zerbitzu Solidarioa".
Hala, Arizmendi Ikastolako Lanbide Heziketako Mikroinformatika, Osasun Larrialdiak, Erizaintza eta Kirol Animazioa zikloetako ikasleek askotariko tailerrak emango dizkiete adineko pertsonei. "Adibide gisa, BBB, Heimlich, Elikadura osasuntsua, 3D inpresioa, ziurtagiri digitalak, K-Strtch, Nordic Walking edo indar entrenamenduzko tailerrak jasotzeko aukera izango dute adinekoek gure ikasleen eskutik".
Izen-emateak irekita daude
Izen-emateak irekita daude Eskoriatza, Aretxabaleta eta Arrasateko adineko pertsonen talde eragileetan eta, poliki-poliki bada ere, adinekoak hasiak dira tailerretan izena ematen. "Ekintzak martxoan, apirilean eta maiatzean egingo dira Arrasateko Ferixaleku gunean".