"Ikusten genuen kanpotik Bergarara etortzen zirenek oso zail zutela herrian integratzeko, eta isolatuta geratzen zirela", adierazi dute Bergarako familia enbaxadoreen sareko kideek. Sareko kide eta Ndank Ndank elkarteko Mamadou Sarrek ere bere garaian bizi izan zuen Euskal Herrira etortzearen esperientzia, eta adierazi du "herri jatorra" dela, baina migrazioaren arloan pauso batzuk ematea "beharrezkoa" dela. Bide beretik, elkarteko kide Eli Dominguezek esan du sareak ere modu bat direla bertan jaiotako pertsona zuriak "kontzientzia" izateko etorkinek dituzten oztopoen inguruan, eta baita ere "sistema arrazista batean bizi garela" ohartzeko.
Proiektu anitzak, helburu bera
Txatxilipurdik nerabeetan zentratzen den Zuaz kulturartekotasun proiektuaren inguruan hitz egin du, eta azaldu du duela urte batzuk hasi zirela adin tarte horretan kulturartekotasuna lantzeko beharraz ohartzen. Ekin Emakumeak elkarteak ere bere jardunaren berri eman du; euskara, feminismoa eta aniztasunaren inguruan lan egiten dute, eta azaldu dute jatorri guztietako herritarrek jotzen dutela beraiengana, orientazio juridiko, sozial eta bestelakoen bila: "Egiten diegun harrera etengabeko prozesua da. Ez dugu prozesu paternalista bat egin nahi. Beraien beharrak entzuten ditugu, eta azaltzen diegu herriak zer daukan beraiei eskaintzeko ere".
Irungo Harrera Sarearen kasuak, ordea, beste berezitasun batzuk ditu. "Mugimenduan dauden migratzaileei" laguntzen die, bertako kide batek azaldu duenez: "Espontaneoki sortu zen, ikusten genuelako pertsona migratzaileak iristen zirela Irungo mugara, eta noraezean geratzen zirela". Gainera, poliziak "kontrol arrazistak" egiten zizkiela salatu du, baita "itzulketa ilegalak" ere, eta horiek salatzeko mekanismorik gabe geratzen zirela pertsona migratzaileak.
Publikoa ahalik eta pluralena izateko, itzulpen zerbitzua ere izan da euskaratik gaztelerara eta euskaratik arabierara, eta zaintza zerbitzua ere eskaini du Txatxilipurdik.