MUk ezin izan du garaipena eskuratu Maristas Coruñaren aurka

Sara Lanz 2025ko ots. 16a, 16:10

Iturripe kiroldegian jokatu zen MU eta Maristas Coruña taldeen arteko emakumezkoen saskibaloi partida, zapatuan. Maristas Coruña gailendu zen, eta 70-78 geratu zen markagailua.

Mondragon Unibertsitateak Maristas Coruña taldea izan zuen aurkari atzo Iturripen.  Etxeko taldeak ahalegin handia egin zuen, nahiz eta garaipenaren aldeko emaitza ez izan, jokalariek eta entrenatzaileak euren lanaren balorazioa egin zuten.

David Peñak, MU taldeko entrenatzaileak, azpimarratu du taldeak bazekiela Maristas taldearen aurka jokatzea zaila izango zela, eta horregatik zenbat gauza ondo egin behar zituzten lehiatzeko. "Partida zaila zen, baina gauza asko ondo egin ditugu. Azken minuturaino aukerak izan ditugu eta emaitza (70-78) ez da onena izan, baina egin dugun lanarekin oso pozik gaude", esan zuen partida ostean entrenatzaileak. Halaber, taldearen egungo egoera aipatu zuen, bi jokalari garrantzitsu falta dituztela eta horrek taldearen egitura aldatzen duela azalduz: "Berreskuratze fasean gaude, eta bi jokalari garrantzitsu falta zaizkigu. Dena dela, jokalariek aurrerapauso handiak eman dituzte eta horrek etorkizunean lagunduko digu".

Izar Bedia, MUko jokalariaren ustez, Maristas taldea bigarren postuan egon arren, MUk aukera izan zuen azken minuturaino lehiatzeko. "Ezin izan dugu garaipena lortu, baina oso gogor lehiatu gara eta ez genuen ezer galtzeko. Hasieran oso ondo ibili ginen, baina gero, defentsan arazo batzuk izan genituen eta Maristas taldeak gure hutsuneak aprobetxatu zituen", azaldu zuen Bediak. Defentsaren inguruko hausnarketa ere egin zuen: "Lehenengo laurdenean oso ondo ibili gara, baina atsedenaren ostean, gure defentsa ez da horren egokia izan eta aurkariek non gure hutsuneak ikusi dituzte".

Azken partida hau izan da lehena Nerea Uribarrenentzat talde honekin, gaur egin baitu bere debuta. Hasieran urduri saman egon zela esan zuen, baina oso esperientzia positiboa izan da Uribarrenentzat. Taldeari dagokionez hasieran partida oso ondo ekin dutela azaldu du, “baina gero, aurkariak hobeto aritu dira eta garaipena ezin izan dugu lortu”. Hala ere, pozik geratu da lehen partida honekin, eta lanean jarraituko dutela esan zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak