Mondrak 2-0 irabazi dio Mutrikuri

Goiatz Arana Begiristain 2025ko ots. 15a, 20:25

Arrasatearrak hasieratik jarri dira markagailuan aurretik, lehen zatiko hamabigarren minutuan Xabat Otxandianok sartutako golari esker; eta bigarren zatia hasi bezain pronto etorri da bigarren gola ere, Gorka Menak egindakoa. "Aurreko astean partiduak buelta eman zuela kontuan izanik, bigarren zatian ere golaren bila irten gara eta berehala lortu dugu", adierazi du Iñigo Arizmendiarrietak, taldeko kapitainak.

"Ez gatoz oso bolada onetik, baina asko hobeto dugu jokoan eta gogoz geunden partidu honetarako. Lau jardunalditatik hiru etxean izango zirela jakinda, puntuak etxean geratzea genuen helburu eta ondo hasi gara", gaineratu du. Izan ere, orain arte emaitzek asko lagundu ez badute ere, taldea "pozik" dago azken asteetan izandako bilakaerarekin, eta "itxaropentsu" ere bai, horrela jarraituz gero garaipenak etorriko direla sinetsita; eta hala izan da, heldu da hiru puntuak etxean geratzeko eguna. "Intentsitatean areagotuta eta gutako bakoitzak gehiago emanda indartu da taldea", esan du Arizmendiarrietak. 

Gaurko partiduko gakoei buruz galdetuta, "defentsan gogor eustea, mutrikuarren ahulguneak aurkitzea eta baloia mugitzen asmatzea" aipatu ditu. Eta Mutriku aurkari "zaila" bada ere, Mondrak ez dio gol bakar bat ere sartzen utzi: "Hori ere bazen helburua, azken neurketetan gol bana, gutxienez, beti sartu digutela kontuan izanik".

Hurrengo jardunaldian Vasconiaren aurka

Datorren asteburuan berriz ere etxean jokatuko du Mondrak, Vasconiaren kontra. Arrasateko taldea moduan, beheko postuetan dago hori ere eta partidu garrantzitsua izango da, biak ibiliko direlako gorako bidean jartzeko borrokan.

Hitzorduari begira, baikor daude Mondrakoak: "Gogor ari gara lanean aste barruan eta horrela jarraitzea da asmoa. Horri eutsi eta gora begira ipintzea tokatzen da orain", esan du Iñigo Arizmendiarrietak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak