Amak taldeen topaleku bilakatu da gaurkoan Mojategiko zelaia, elkar ezagutzeko asmoz topaketa bat egin baitute 30 lagun inguruk. Han izan da Belen Aranbarri, ARTko zuzendaritza batzordeko idazkaria eta Pirolitikak taldeko kidea, eta azaldu du entrenamendu berezia egin dutela, Zarautzeko eta Bera-Berako –Blasfemas du izena– errugbi taldeetan sortu diren amen taldeei pista batzuk emateko helburuarekin. "Horretarako, lehendabizi, beroketa batzuk egin ditugu, eta ondoren ekin diogu entrenamenduari; azkenik, ordu erdiko partidu bat jokatu dugu. Denok egon gara oso pozik gaurko jardunaldian". Gainera, nabarmendu du topaketan elkartu diren jokalari guztiak nahastuta aritu direla, taldeen jatorrizko egitura errespetatuta gabe.
Gaur-gaurkoz, horrenbestez, Aranbarriren arabera, Gipuzkoan hiru Ama talde daude, nahiz eta zarauztarrak Bera-Berakoekin ibiltzen diren, ez direlako aski talde oso bat sortzeko. "Oso eskertuta gaude eurak ere animatu direlako; zoriontsu".
Madrilera doaz
Pirolitikak taldeak Mater Series txapelketan hartzen du parte, Espainiako taldeen aurka jokatuz, eta Madrilen, Alcorconen, izango dira martxoaren 15ean. Hain zuzen ere, denboraldi bakoitzean hiru txapelketa jokatzen dituzte, eta bigarrena izango da datorren hilabetekoa; lehena, Valentzian izan zen, eta Valladoliden izango da hirugarrena.